Harreman intermitenteak

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Sancho Esnaola 2014ko uzt. 24a, 10:10

Ez zarete bikotea, baina ezin zarete lagun bezala definitu, zuen artean dagoenak osagarri erotiko nabarmena duelako. Badirudi batek besteak baino gehiago nahi duela zuena formalizatu; eta besteak, aldiz, ihes egiteko joera azaltzen duela. Aldizkako eta zehaztugabeko bikote harreman batetaz ari gara, eta nola kudeatu dezakegu?

Katuaren eta saguaren jokoa

Katuaren eta saguaren lasterketa jokoaz nekatuta zaudete. Ezin duzue denbora luzez bata bestea gabe egon, baina elkarrekin iraun ere ez. Egoerari bukaera emateko, zuen harremana etetea erabaki duzue, ez behin, ezta bitan ere... gehiagotan. Lagunak zuen harreman horri buruz kexak entzuteaz kokoteraino daude eta jada ez dute gehiago jakin nahi. Soluzioa gero eta urrutiago dagoela ematen du. Mozten duzuen bakoitzean sorgin gurpil batean zaudetenaren irudipena duzue.
 
Soluzioa jartzeko akzioa bada ere, mozteak ez du ezer konpontzen; arazoa areagotu egiten du. Ez dakizue benetan mozten, bestea galtzeko beldur zaretelako. Eta, era berean, besteari minik ez ematen saiatzen zaretelako, kontrako efektua lortzen duzue. Estrategia oso txapuzeroa da, finean; tirita bat pixkanaka-pixkanaka kentzea bezain mingarria, alegia.
 
Horrez gain, arazoa gainetik kentzeko, sentitzen duzuena ukatzen diozue elkarri, bestea ez uxatzeko edota sentitzen duzuena ez onartzeko. Horrek ere ez du zailtasunari irtenbidea topatzen laguntzen.
 
Gertatu ohi da ere, bata izatea jarraitu duena harremanaren hasieran eta gero, besteak interes handia azaltzean, lehenengoa ikaratuta iheska hastea. Orduan, jarraitua zenak, jada ez du ezer ulertzen: "Ez al nintzen bere gustukoa, ala?", pentsatzen du.
 
Batek maitasun harremana nahi duela eta besteak topaketa erotiko askeak nahi dituela dirudi. Irizpide asko egon daitezke, baina elkarrekin sei topaketa erotiko baino gehiago egon badira, behar bada, pentsa dezakegu ez garela soilik erotismoaz edo erakarpen fisikoaz ari; sentimendu sakonagoak daudela pentsa genezake, bien aldetik.

Jarrera aldaketak

Hasteko, katuaren eta saguaren jokoan murgilduta zaudetenaren kontzientzia izan eta onartzea beharrezkoa da. Ihes egiten duenak, ihes egiteari utzi; eta jarraitzen duenak, bestearen atzetik ibiltzeari utzi behar dio. Ez da erraza, baina trabatzetik ateratzeko ezinbestekoa da.
Horrez gain, pentsa dezakegu bi aukera ditugula: a) elkarrekin egon harreman polit batean; b) betirako uztea. Baina argi izan aukera okerrena ez dela betirako uztea, betirako gauden bezala gelditzea baizik. Bada, hamabi urtez harreman intermitente batean egon denik. Hortaz, muturreko kasuetan, gaizki bukatzea –haserretuta– agian ez da aukerarik txarrena, horrek harreman berri eta alai bat hasteko aukera ematen badigu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide