Emakumea eta euskalduna bainaiz

Abuztuaren 8an Urola Kostako Hitza-n argitaratutako iritzi artikulua da hurrengoa.

Poltsa berrerabilgarria hartzea ahaztu zitzaigun atzo, eta plastikozkoak eskatu genituen, Azpeitiko BM saltokian. Anaiak bat hartu zuen; eta nik, bestea. Trakets samar nenbilen, eta pixka bat kostatu zitzaidan plastikozko zorro hura irekitzea. Badakizue, itsatsita bezala egoten dira poltsa horiek.

Anaia askoz trebeagoa izan zen, eta segituan ireki zuen zorroa. Orduan, langileak esan zion, gaztelaniaz: "Gero gizonengatik hitz egiten dute, baina egiaren unea iristean… Begira…". Anaiak erantzun zion, oro har, alderantziz izaten zela, nik laguntzen niola berari horrelako gauzekin. Baina gizon hark, berriro: "Ez dut uste, egiaren unea iristean… Ikusi, ikusi!". Besterik gabe, ez genion jokoa segi. Presaka ginen, eta entzungor egin genion.

Jarraian, galdetu zion -anaiari, jakina- ba ote zuen beraien saltokiko txartela, eta nik zenbakiak esan nizkion, euskaraz. "Ba… niri gaztelaniaz esan beharko didazu", erantzun zidan hark.

Amorrua sentitu nuen, nahiz eta, ziur aski, gizon hari ez zitzaion axola ni bezalako pertsona bat samintzea. Gizon hari ez zitzaion axola ni haserretzea, ez, emakumea eta euskalduna bainaiz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide