Bigarren eskuko azokarako materiala biltzen hasiko da Elkar-ekin ostiralean

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2014ko ira. 1a, 18:14

Azkokako kartela.

Irailaren 20an eta 21ean ospatuko da bigarren eskuko azoka, Ganbarak hustu, bete herria elkartasunez lelopean.

Bigarren eskuko azoka antolatu du Elkar-ekinek Azoka Herritik ekimenaren baitan, eta ostiralean, hilaren 5ean, hasiko dira azoka horretan saltzeko materiala biltzen. Bigarren eskuko azokan parte hartzeko, honako bideak daude:

  1. Produktuak emanda: Erabiltzen ez den materiala Elkar-ekin taldeari eman daiteke, donazio moduan. Taldea arduratuko da produktuak merke antzean saltzeaz eta beharra duten herritarrei emateaz.
  2. Produktuak saltzen jarrita: Zure produktua azokan salgai jar daiteke; saltzen bada, diru horren %75 produktuaren jabearentzat izango da, eta %25, berriz, Elkar-ekinentzat. Produktua saltzen ez bada, itzuli egingo da azokaren ondoren, inolako kosturik gabe. Bestalde, produktuari prezioa ezartzerakoan, Elkar-ekin eta produktuaren jabea zentzuzko prezioa adosten saiatuko dira. Nahi izanez gero, jabeek ere izango dute postua sortzeko aukera. Kasu horretan, aurrez, Elkar-ekinekin harremanetan jarri beharko da, helbide honetara idatzita: elkar_ekin@hotmail.com.

Zenbait arau

Azoka horretatik, Elkar-ekinek aterako duen diru guztia proiektu sozialak bultzatzeko, behar larriak dituzten herritarrei laguntzeko edota antzeko ekimenei laguntzeko erabiliko da.

Hainbat produktu mota eraman daitezke: jantziak, tresna elektrikoak, aisialdirako produktuak, jostailuak, kirol-materiala, etxeko osagarriak eta apaingarriak eta abar. Produktuak puskatu gabe, berrerabiltzeko moduan eta txukun egon behar dute. Ondo ez daude objektuak ez dira jasoko.

Horrez gain, pilekin edo bateriarekin ibiltzen diren produktuen kasuan, Elkar-ekinek eskertuko du jabeak (bigarren aukeran) pilak edo bateria kargatuta eramatea. Horrela, momentuan ikusi ahal izango dute jostailua edo dena delakoa ondo dabilela. Donazioa bada, pilak erosleak jarriko ditu; baina, dena den, produktuak ondo funtzionatzen duela ziurtatu beharko du emaileak.

Bigarren aukerari dagokionez, jantziak katalogatzeak ematen duen lana dela-eta, ezinbestekoa da kopuru muga batzuk ezartzea. Beraz, jabe edota familia bakoitzeko, helduentzako arropen kasuan, gehienez, bost unitate eraman ahal izango dira; eta, umeentzako arropen kasuan, berriz, hamar. Donazioen kasuan, katalogaziorik egingo ez denez, ez dago kopuru mugarik.

Pisu edo tamaina handiko produktuak (altzariak, hozkailuak eta abar) edo biltegira eramateko zailak direnak, argazkien bidez erakutsiko dituzte azokan. Beraz, kasu horietan, nahikoa da produktuaren argazkia biltegira eramanez gero. Ondoren, azokan, Elkar-ekin arduratuko da produktua erosteko interesa jarri duen herritarra eta jabea harremanetan jartzeaz.

Materiala jasotzeko lekuak eta egunak

Azokarako materiala Soreasuko biltegira edo Sanjuandegiko auzo-lokalera eraman daiteke, irailaren 5tik 17ra bitartean (biak barne).

Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 18:30etik 20:30era.
Larunbatetan, 10:00etatik 12:00etara.

Behin azoka igarota, irailaren 25ean eta 26an, bi lokal horietan egongo da Elkar-ekin taldea materiala edota dirua itzultzeko, 18:30etik 20:30ak arte. Jabea (edo ordezkoren bat) materialaren bila joango ez balitz, ulertuko da produktua Elkar-ekinentzako izatea onartzen duela.

Azokaren helburuak

Honakoak dira antolatzaileek ezarri dituzten helburuak:

- Alternatiba ekonomikoa eraikitzeko bidean, herritarren parte hartzearekin, herritarren beharrei erantzungo dien ekonomia solidarioa eta jasangarria bultzatzea.

- Behar sozial larriak dituzten herritarrak babestea eta horien beharrei erantzutea.

- Herritarrei bigarren eskuko materialaren salerosketarako zerbitzua eskaintzea.

- Hondakinen berrerabilpena sustatuz, zero zabor filosofia indartzea.

- Kontsumo ereduaren inguruko hausnarketa eginaraztea, eta kontsumo ohitura berriak bultzatzea.

- Herritarren artean, ilusioa piztea eta gizarte justu baten aldeko ekimenak sustatzea, herritarren sare zabala osatzeko eta eraldaketa prozesuan sakontzeko.

Harremanetarako:

elkar_ekin@hotmail.com

Taldearen berri izateko:

@ElkarEkin
http://uztarria.com/komunitatea/elkar-ekin

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide