Bidean

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirretxe 2014ko ira. 4a, 11:57

Turistak izan gaitezke, esan dieten lekura iristeko irrikitan daudenak. Esaten digute badaudela lehen mailako helmugak, eta beste batzuk bigarren mailakoak. Beste guztiak ez zaizkigu axola.

Lortutako helburu berri guztiak haien koadernotxoetan apuntatzen dituzten turistak. Argazkiak ateratzen dituzte, ondoren guztiei froga gisa erakusteko. Eta bere kontuak egiten dituzte, eta kontatzen dituzte, eta zenbatu ere bai.
 
Bidaiariak izan gaitezke, zanpatu gabeko lurraldeak esploratzen dituztenak, ezarritako ibilbideak ibili beharrean, ibilbide berriak sortzen dituztenak, beren intuizioei jarraitzen dietenak. Nahiz eta batzuetan, lurralde arrotzetan, zaila izaten da lasai sentitzea, seguru, norbera den bezalakoa izan ahal izateko.
 
Ezezaguna deskubritzean gozatzen duten bidaiariak. Gozatzen dutenak, agian, ezezaguna menderatzeagatik.
 
Ibiltariak izan gaitezke, presarik gabe, lurralde hurbil eta familiarretatik ibiltzen direnak. Dagoeneko ezagunak diren lurraldeetatik.
 
Ibiltzeagatik gozatzen duten ibiltariak, bere bidexketan topatutako detaile xumeengatik harritu egiten direnak: lore bat zabaltzen, tximeleta bat jira-biraka, ilargiaren distira erreka batean, kakalardo bat simaur pilotatxoa pirritan eramaten. Bide berriak asmatzen dituzten ibiltariak, egunero paisaia ezagun horietan aurkitzen dituzten ñabardura berriekin emozionatu egiten diren ibiltariak.
 
Egunero bidea berria delako. Baita ibiltaria ere.
 
Bideko ibiltari, atzerriko bidaiari, herriko turista... jira-biraka nenbilela harrapatu ninduten hitzok lapurtu ditut nonbait, txoko honetan zuekin partekatzeko. Egunero garena eginez, helmugaz baino, bideez gozatuz hasi nahian bizitza, amaitu nahian bizitza, bizi nahian bidea.
 
Abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide