Deskonektatu ezinda

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza 2014ko ira. 18a, 11:56

Lehen, oporretan, ondo pasatu edo deskantsatzen saiatzen ginen; orain, berriz, deskonektatzen. Hitz horixe da, hain justu, oporren bueltan gehien entzun eta esan dudana: "Deskonektatu al dun/k?". Zorionekoak lortu dutenak, buruari deskantsua eman diotenak, egunerokotasunean beti izaten dituen kontu, gai, kezka edo egitekoak egun batzuetan burutik kendu dituztenak.

Neuk ere helburu horixe jarri nion neure buruari oporren hasieran, eta zorrotz jarri nizkion arauak: Interneta debekatuta eta zure inguru-bueltako komunikabideak irakurtzea ere bai. Nekatuta nuen burua, deskantsu eske, eta neure bila etorri ezean, bi eremu horietara ez nintzela joango agindu nion. Aurrenekoa %75ean betetzea lortu dut, eta bigarrena %85ean.

Internetik gabe egotearena izan da zailena, baina ezinbestean egin behar izan dut: hiru aste izan ditut jai, eta horietatik bi nire sakelako telefonoaren Internet kobertura eremutik kanpo egon naiz. Komunikabideena errazagoa izan da: egon naizen tokian nazioarteko prentsa bakarrik zegoen, gertukoena Espainiakoa, eta ez dut irakurri.

Beno, ez dut irakurri informazio orokorreko prentsarik, baina bai kirol prentsa, eta eman dit zer pentsatua. Kirol sailean hasi nuen nire kazetari ibilbidea, orain dela ia 20 urte. Irakurtzen nituen batzuk eta besteak, baina nire oroimenean aztarna gutxi utzi zuten, nonbait, nolakoak ziren seko ahaztuta bainengoen. Abuztuan ikusi ditudan Espainiako eta Erresuma Batuko kazetek eman didate, ordea, zer pentsatua.

1. Hiru astean gainbegiratutako kirol egunkarietan, 40 orrietan gehienez bost kirol kronika topatu ditut. Alegia, partida edo lasterketa batean edo bestean gertatu dena kontatzen zuten artikuluak apenas agertu diren. Bai, bale, abuztuan lagunarteko partidak soilik jokatzen dira, super koparen bat edo beste kenduta, baina horietako asko agertu ere ez dira egin. Hori bai, Di Mariaren ezkutuko gutunen, Falcaoren ingelera lekzioen edo Iñigo Martinezen auto istripuaren inguruko zehaztasun guzti-guztiak irakurri ahal izan ditut. Orduan, zergatik kritikatzen dituzte hainbeste aldizkari arrosak kirol prentsa irakurtzen duten horiek? Igual-igualak dira. Kirolarien bizitza pribatua edo euren arteko haserre eta ikusezinek osatzen dituzte egunkari horien gehiengoa, beraz, ez dakit non dagoen aldea.

2. Eta emakumeak? Lotsagarria da, eskandalua, egunkari horietan emakumeek duten presentzia. Batetik, hutsaren hurrengoa. Eta hori, espainiar batek badmintoneko munduko txapelketa irabazi zuela; azalean tokitxoren bat eta orri bat eskaini zioten, asko jota, egun bakarrean. Irakurri nuen albiste dezente bakarra, FC Barcelonak azkenean emakumeen gorputzera egokitutako ekipazioa atera duela, bai jokalarientzat, bai jarraitzaileentzat, kirolari eta jarraitzaile emakumezkoak badirela behingoz konturatuta.

Baina Huelvako (Espainia) hondartza batean builaka jarri ninduena beste kontu bat izan zen: egunkari horietako azken orri batean, emakume baten argazkia ikusi nuen, oso arropa gutxirekin eta bandera batekin estalita. Falcao jartzen zion azpian. Eta inuzentea ni, jokalari maskulinoaren arreba edo ote zen pentsatu nuen. Ba ez, bere jarraitzaile bat zela eta orain triste egongo dela jokalari hark nora joko duen ez dakielako. Hori jartzen zuen argazki-oinean. Kito, besterik ez. Berehala hasi nintzen zeruari protestaka, eta hala esan zidan aldamenekoak: "Egunero-egunero ateratzen dute emakumeren bat gisa horretan, edozein aitzakia erabilita". Alferrik igo nuen nire protesten bolumena, hurrengo egunean ere halakoxea agertu baitzen. Baina, zertarako harritu? Garai batean euskarazko irrati publikoan, kirol saio batean, kirolari gizonezkoei honakoa galdetzen zioten inkesta informal batean: "Sarapova edo Kournikova?".

Ba horixe, neure eguneroko propio-propioarekin deskonektatzea lortu baldin badut ere, neure eguneroko propio-propioarekin ezin izan dudala deskonektatu. Arazo eta kezka batzuek ez dutelako deskantsurik eta uneoro daudelako bazter guztietan. Bukatu zaizkit oporrak, konektatua naiz berriro egunerokora, eta hemen ere, Hondarribia, zaharrak berri.

Estitxu Elduaienek Urola Kostako Hitza-rako idatzitako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide