Asteburuan ospatuko da Azoka Herritik, herritarrek herritarrentzat prestatutako festa

Gaur hasiko ta Azoka Herritik. Merkatarien stocka, bigarren eskuko azoka, eta inguruetako nekazarien zein artisauen produktuak izango dira salerosketarako gune nagusi. Baina, hori baino askoz gehiago izango da Azoka Herritiken II. edizio hau: herriko taldeen eskutik, hainbat kultur ekitaldi egingo dira kalean, ikastaro eta tailerrak ere izango dira, eta gogoetarako tartea ere bai, Faktorian. Denek topatuko dute interesatzen zaien zerbait.

Baserritarrek ostiralero Sanagustinpean egiten duten azoka Azoka Herritiken barruan kokatuko da gaur. Hiru eguneko egitarauari hasera emango diogu horrela: baserritarren azoka ez ezik, Dantza Suelto Eskolako ikasleen emanaldia ere izango da 19:00etan plazan, Juan Antxieta musika eskolako txistulariekin batera.

Hala hasiko da azoka, baina aldaketa handiena bihar ikusiko dugu. Estanez beteta esnatuko da plaza, eta han egongo dira harik eta igande gauean azoka amaitzen den arte. Erabilera bat baino gehiago izango dute mahai eta karpatxoek, saltzeko eta erakusteko asko baitago herrian eta inguruetan.

Larunbat goizean baserritarrak egongo dira (Loiolako pipermorroa dastatzeko aukera izango da, besteak beste), arratsalden herriko taldeak, eta igandean, egun osoz herriko eta inguruetako artisauak.

Salerosketa guneak, gainera, ez dira plazan bakarrik kokatuko. Bigarren eskuko azoka Done Jakue kalea izango da, iaz bezala, baina aldaketak ere badaude: Bertan elkarteko merkatarien stocka Izarraitz pilotalekuan kokatuko da, Berdura plazan obretan ari direlako.

Herriko taldeak, plazan eta sukaldean

Iaz bezala, aurten ere beren lana herritarrei erakusteko aukera izango dute herriko taldeek. Horretarako atonduko dituzte plazako postuak, larunbat arratsaldean. Baina, herritarrekin hartu eman zuzenean ez ezik, beraien arteko zubiak eraikitzeko sukalde lanean ere jardungo dute larunbat arratsaldean. Faktoriaren barruan herriko taldeen topaketak antolatu dituzte. Elkarren berri izan eta elkarlana sustatzea izango dute helburu nagusia. Eta emangorra eta iraunkorra aurreikusten den bide baten hasiera izan nahi du.

Faktoriaren barruan ekitaldi gehiago ere izango dira. Izan ere, larunbat eta igande goizetan, beren esperientzien berri emango dute hainbat ekintzailek. Sanagustin Kulturgunean izango dira aurkezpen horiek, baina, azoka osoan entzun ahalko dira, Azoka Irratiaren bitartez.

Irratia, herriko kazetarien laguntzaz

Horixe izango da aurtengo azokaren beste berrikuntza bat: Azoka Irratia. Koldo Aldalur, Estitxu Elduaien, Ander Ugarte eta Eneritz Albizu kazetariak izango ditugu irratiaren gidari, eta azoka gune guztian entzungo dugu haiek esaten dutena. Azokan zer gertatzen den kontatuko digute, zer tailer dagoen non, zer aurkituko dugun postu batean eta bestean, jendea gustura dabilen…

Eta izango dute zer kontatua; izan ere, egitarau aberatsa dauka aurtengo azokak. Haur eta gaztetxoentzat hainbat tailer eta ekitaldi izango dira, Olazko Andre Mariaren plazan kokatutako jolas guneaz gain. Eta gazte, gaztetxo eta helduentzat ere izango da entretenimentua, tailer horiek guztientzako direlako, eta baita, adibidez, igandean 12:00etan Etxe Zuri aurrean egingo diren Dantza Jauziak ere.

Egitarau osoa ikusteko, egin klik, hemen.

Egun hauetan, gainera, jan edanerako eskaintza berezia egin dute herriko hainbat jatetxek, Urola Gustagarri egitasmoaren barruan.

Azokaren antolaketa lana hainbat talderen artean egin dugu, iaz bezala. Azpeitiko Kultur Mahaia, Azpeitiko Mixio Taldea, Azpeitiko Udala, AZTE tabernarien elkartea, Baserritik.com, Bertan merkatarien elkartea, Elkar-Ekin, Eskualdeko Artisauak, Iraurgi Berritzen, Khamar, Sanagustin Kulturgunea, Urkome eta Urolab aritu gara asteroko bileretan. Eta azokako egunetan are talde gehiagoren laguntza eta parte hartzea izango dugu. Antolatzaile guztiok, ondo pasatzea eta disfrutatzea opa dizuegu herritarrei. Eta jakinarazi nahi dizuegu, prest gaudela edozein elkarlanetarako.

Azoka Herritiken gaineko informazio guztia, hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide