Ezohiko apustu arrakastatsua

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Fernandez 2014ko ira. 29a, 19:51

Oihane P. Etxebarria eta Erika Olaizola, 'Los tontos y los estúpidos' filmean.

Eneritz Fernandez Ikus-entzunezko Komunikazioan graduduna da, eta Donostiako Zinemaldiko Gazteriaren epaimahaiko kide izan da. Lan horretan, Erika Olaizola azpeitiarrak antzeztu duen Los tontos y los estúpidos filma epaitzea suertatu zaio. Pelikulari buruzko kritika idatzi du Fernandezek Uztarria.com-erako.

Los tontos y los estúpidos filma,Roberto Caston zuzendariaren eskutik datorkigu. 91 minutu irauten dituen lana  62. Donostiako Zinemaldian estreinatu da, eta urriaren 3tik aurrera izango da zine aretoetan ikusgai.

Marioren (Josean Bengoetxea), Paularen (Cuca Escribano), Miguelen (Aitor Beltrán) eta Lourdesen (Nausicaa Bonnin) bideak gurutzatu egingo dira, gustuko ez duten bizitzari irtenbidea aurkitzen saiatzen diren bitartean (batzuek besteek baino gehiago). Beraien bizitzarekiko duten desadostasunaz, aurreiritziez eta sekretuez, gezurrez eta maitasun ezaz arituko dira.

Filmean, aktore talde bat plato batera sartzen da, eta egunean zehar, gidoia irakurri, entsegua egin eta istorio bat kontatzen dute. Hasierako ideiak lokalizazioak zituen arren, krisiaren ondorioz, diru-laguntzarik gabe geratu zen film honetan aritu den lan-taldea. Beraz, aldaketa batzuk egitea ezinbestekoa izan zen. Hala ere, istorioa ia bere osotasunean mantendu duela dio Castonek.

Ildo horretatik, txalotzekoa iruditzen zait ideia bat sortu eta imajinatzetik, bat-batean eraldatu beharra izatea, eta lehenengo unetik transmititu nahi dena transmititzen jarraitzea. Orain arte, film batean lokalizazioak egotea garrantzitsua iruditzen zitzaidan, ikuslea istorioan kokatzeko, baina lan honen emaitza ikusi ostean, ikusi dut gidoi ona baldin badago, aipatutako helburuak bete daitezkeela.

Asko gustatu zait amaierako emaitzara heldu arteko lana guztiei erakustea ere. Ez gaude ohituta kamera atzean dagoen lan garrantzitsu eta handia ikustera; gainera, askotan ez da baloratu ere egiten lan hori. Gidoi batean idatzita dagoen istorioa pelikulan nola bilakatu den ikustea polita da. Film honek pertsonaien garapena erakusten du, pertsonaien sorreratik hasita, zuzendariaren gidaritzapean.

Bestalde, zuzendariak casting-ean guztiz asmatu duela esango nuke. Roberto Alamo, Cuca Escribano, Aitor Beltran, Nausicaa Bonnin, Josean Bengoetxea, Ramon Ibarra, Oihane P. Etxebarria, Erika Olaizola, Teresa Lozano, Eli Gelabert, Vicky Peña, Dayana Contreras eta Gregory Brossard dira pertsonaiei bizia eman dietenak. Guztien paperak dute beraien garrantzia eta grazia pelikulan. Horri lotuta, lan ona eta profesionala egin dutela iruditzen zait, aktoreak pertsona errealak dira, eta pertsonaiak, berriz, alegiazkoak. Aktore bakoitzaren interpretazioari esker, pertsonaiak sortzeko eta forma emateko gaitasuna sekulakoa dela ikusi dugu. Aktoreek beraien pertsonaian sartzeko egiten duen interpretazio lanaren adibide dugu Erika Olaizolarena. Ainhoaren pertsonaia interpretatzen du, ziur aski bera nor den ahaztu, eta lotsa alde batera utzi beharko zuen.

Aktore hauen lana dela-eta, ez dut lokalizazioa  faltan sumatu. Horrez gain, argiztapen eta soinu lanak duten garrantzia ere ikus daiteke. Antzerkiaren eta zinearen arteko desberdintasunak horrenbestekoak ez direla ikus daiteke pelikulan.

Zuzendariak, ikusleak ohartu gabe, bi istorio barneratzea nahi du, eta arazorik gabe lortzen duela esango nuke: bakardadea, familia, maitasuna, sexua, gaixotasuna… bezalako gaiak jorratu ditu, eta pelikula bat sortzeko lan-talde batek duen lana egiteko modua erakutsi du. Azken hori islatzeko, zuri-beltzezko irudiak erabili ditu, eta soinua kendu dio. Sekuentziak elkarren artean ondo konektatuta daudela iruditzen zait eta, gainera, harrapatu egin naute. Apustu arriskutsua, baina arrakastatsua dela esango nuke nik. Zorionak, talde!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide