Azokaren aurkezpena egin genuenean azpimarratu bezala Azoka Herritik salerosketa gune bat baino gehiago da guretzat. "Azoka elkartrukea da. Produktuena ez ezik jakintzen, ideien eta lankidetzaren partekatzea ere bada azoka", esan genuen orduan, eta berdina pentsatzen jarraitzen dugu orain.
Horregatik, bereziki gustura gaude aurtengo azokak hartu duen forma berriarekin. Faktoria gunea martxan jarri genuen ideien, lankidetzaren eta jakintzen elkartruke hori sustatzeko, eta emaitza onak eman dituela esateko moduan gaude. Azoka edukiz bete dugu, eta lan horretan, ezinbesteko laguntzaile izan ditugu Azoka Irratian lanean aritu diren herriko kazetariak. Azokaren aurretik eta ondoren eginiko hitzaldi eta mahai inguruek zer pentsatua eman digute, eta interesgarria izan da azoka egunetan herriko eta inguruetako proiektuen berri jakitea.
Gainera, Azoka honetan zerbait handiagoaren hazia ere jarri dugulakoan gaude. Herriko talde gehienak biltzea lortu genuen larunbat arratsaldeko topaketetan 'herrigintza' lantzeko. Lehen kontaktu horretan ikusi genuen lanerako eta elkarlanerako gogoa, gaitasuna eta indarra badagoela herrian. Beraz, erronka handia dugu orain aurrez aurre: herriko taldeen artean eraikitzen hasi ginen zubiak sendotu, eta eraitsiezin bihurtzeko bitartekoak jartzea. Ahaleginak eta bi egingo ditugu horretarako.
Izan ere, Azoka Herritik ez da iraileko asteburu batetara mugatzen. Azoka Herritik herriko merkataritza eta kontsumo arduratsua bultzateko tresna izateaz gain, gauzak egiteko modu bat da. Elkartzeak indartsuago egiten gaituela sinesten dugu, eta horretan arituko gara aurrerantzean ere. Izan azoka bidez, nahiz kultur ekitaldiekin, aisialdi ekimenekin edota hitzaldi eta gogoeta bidez. Aurkezpenean esan bezala, Azpeitian bizi, kontsumitu, lan egin eta gozatzeko modu berri bat bultzatzea da gure asmoa. Eta hori ez da egun batetik bestera lortzen. Bidea abiatuta dago.
Amaitzeko, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu azokako egitaraua osatzen bidelagun izan ditugun guztiei, bereziki, herria kolorez jazten lagundu diguzuen herriko kultur taldeei; lan eskerga egiten duzue urte osoan zehar, bejondeizuela! Eta beste horrenbeste esker eman nahi dizkizuegu azokaz gozatzera gerturatu zareten guztioi.
Azokaren antolaketa lana hainbat talderen artean egin dugu: Azpeitiko Kultur Mahaia, Azpeitiko Mixio Taldea, Azpeitiko Udala, AZTE tabernarien elkartea, Baserritik.com, Bertan merkatarien elkartea, Elkar-Ekin, Eskualdeko Artisauak, Iraurgi Berritzen, Khamar, Sanagustin Kulturgunea, Urkome eta Urolab aritu gara asteroko bileretan. Eta azokako egunetan are talde gehiagoren laguntza eta parte hartzea izan dugu. Prest gaudela edozein elkarlanetarako.