– Hi Mikel haiz! –inork Mikel esaten ez dizunean izen horixe aditzeak urte asko atzera joanarazi zaitu.
– Ez al nauk ezagutzen?
– Etzakiat pa!
– Xabier nauk, Lasaokoa! Gure irakaslea izan hintzen 4. mailan...
Lasaoko Xabier, Leireren anaia. Eta zenbat urte joan dira ordutik hona? Zenbat ikasle ikastolan jardundako hamar urtean? Zenbat irakasle lagun! Lanean da errota, ez Xabierren etxekoa, geure buru barruko errota baizik.
Laugarren mailan ikasle izandakoa Xabier. 8-9 urteko neska-mutilen artean, Lasaokoak bi ez bada, hiru. Ikasteko zailtasunak ikasleak, edo irakasteko gorabeherak irakasleak, neska-mutikoaren erritmoari gelako jarduna egokitzeko ezjakintasuna. Damu horixe lepoan.
– Eztakik gure ama zenbat akordatzen dan! Zenbat lagundu hidan, horixe esaten dik beti!
– Nik, berriz, kezka horixe zebilkiat beti, nahi beste ez lagundu izana, zuek behar zenuten beste laguntzen ez asmatua!
Pikutara eskola!
Halako burutsu batere burutsu ez batek erabakitako programazio eta edukiak ikasleek nahitaez era batera edo bestera ezagutu, erabili eta menderatu beharra. Hezkuntza sailen aginduak beti. Derrigorrezko edukiak, urteak joan ahala aldatzen ez direnak, garaiek zuritik beltzera egiten badute ere. Edukiak beti eduki, eta eduki betikoak. Arantxak airean ebazten zituen buruketak, nekez entenditzen Xabierrek. Ainhoak minutuan irakurtzen zuena, hamar minutuan ere lanak Iñakik. Igorrek irakasleak baino azkarrago egiten zituen eragiketak, etxean bukatu behar Oierrek. Eta zenbat Onintza eta zenbat Xabier, zenbat Iker eta zenbat Oier, zenbat Ainhoa txiki eta handi, zenbat Maier eta Maider, zenbat Arantzazu, Ernesto, Iker, Ander, Andoni eta Jexux Mari... Zenbat buru, hainbat aburu irakaskuntzan jardun genuen hamar urtean
"Eztakik gure ama zenbat akordatzen dan! Zenbat lagundu hidan, horixe esaten dik beti!".
– Esaiok Juanitari nire partetik, barkatzeko. Arantza horixe daukadala barru-barruraino sartuta: merezi zenutena baino gehiago ez lagundua. Oraintxe ere pozik jardungo nukeela irakasle, baina beste modu batera saiatuko nintzatekeela.
Ez alferrik, ura joandakoan presa egiten ari gara. Onena, horratik, ikasle haiek guztiek –eskolan erraz nahiz nekez jardun zutenek–, bere bidea egin dutela eskola eta irakasle guztiak gorabehera. Horixe gure poza.
Pikutara eskola!
Urriko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia artikulua.