Denok galdu dugu

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2014ko urr. 21a, 12:56

Eusko Jaurlaritzak iaz baino 210.000 euro gutxiago eman dizkio Berria egunkariari. Izan ere, irizpide berriak ezarri ditu erakundeak diru-laguntzak banatzerakoan. Tokiko hedabideek, oro har, diru gehiago jaso dute, baina guztiok galdu dugu erabakiarekin.

Erabakia joan den astean jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak, baina hedabideek bazekiten diru-laguntzak banatzeko modua aldatuko zela. Orain artean, zabalkundea eta kalitatea izan dituzte irizpide laguntzak banatzerakoan; aurten, berriz, hedapenari eman zaio garrantzia, zehatzago azaldua duzue Berria-k argitaratu duen artikuluan. Hori dela eta, 210.000 euro gutxiago jaso ditu euskarazko egunkari nazional bakarrak; %14ko jaitsiera pairatu du kazetak, joan den urteko laguntzekin alderatuta.

Zer esan nahi du horrek? Hona adibide praktiko bat: Azpeitian 14.000 pertsona inguru bizi bagara, erakundeak, Uztarria-ri diru-laguntzak ematerakoan, begiratu du 14.000 pertsona horietatik zenbatengana iristen den herri-aldizkaria. 14.000 litzateke %100a, beraz. Berria egunkariaren kasuan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle guztiak dira argitalpenaren bezero posibleak (Eusko Jaurlaritzaren lurraldean), euskaldunak direnak eta ez direnak, guztiak; gutxi gorabehera, 2.200.000 pertsona. Bai ala bai, apalagoa da Berria-ren irismena: murritzagoa delako euskaraz dakitenen zifra, baita egunero argitalpena erostera joaten diren herritarrena ere.

Herri-informazioa estrategikoa da euskarazko prentsarentzat; gainera, funtzio garrantzitsua du gure hizkuntzaren normalizazioan. Hala ere, ez da zilegi hedabide batzuei laguntzeko, besteak umezurtz uztea: ez da zilegi. Tokiko hedabideak sustatzea behar-beharrezkoa da, baina irtenbidea ez da Berria-ri edo Argia-ri, besteak beste, laguntzak murriztea, esan gabe doa. Euskarazko prentsari bideratutako diru-laguntzek ikuspegi osoagoa izan behar lukete: euskararen normalizazioaren alde hazia erein behar lukete. Aurtengo banaketak ez du kontuan izan ikuspegi nazional hori, bistan da.

Baina herritarrok izan behar dugu horretaz jabetu behar dugunak? Zergatik aldatu ditu irizpideak Eusko Jaurlaritzak euskarazko prentsaren sektoreari kontsultatu gabe? Oso arazo larria da hau. Izan ere, Berria-k galtzen badu, guztiok galtzen dugu: euskarazko hedabide guztiek galtzen dute, euskaldunek galtzen dute eta euskarak galtzen du.

Askotan galdetzen diot neure buruari –baita ingurukoei ere-: Inoiz pentsatu dugu zer egingo genukeen euskarazko egunkari nazional bakarra hiltzen utziko bagenu? Nahitaezkoa du gure herriak euskarazko eguneroko argitalpena. Bestela, gaztelaniaz eta frantsesez soilik izango genuke informazioa jasotzeko aukera, hots, gurea ez den hizkuntzan irakurri beharko genuke gure herriari buruzko informazioa. Noren buruan sartzen da hori?

Eta, behin hasita, testu honekin herritarrei ere dei egin nahi nieke, arazoa ez dago Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen banaketan soilik. Egunkarien salmentei eustea ere derrigorrezkoa zaio Berria-ri bizirik irauteko. Askotan gehiegi hausnartu gabe kontsumitzen dugu egunkari bat edo bestea, eta bai –aurreratu egingo naiz, norbaitek leporatu aurretik-, bakoitzak nahi duena egin dezake. Baina zer arrazoi daude zure hautuaren atzetik? Kontziente al gara gure erabakien eraginez?

Gogoratu, denok galdu dugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide