"Bikote on? –galde dezake norbaitek–. Bikote ote dira gero, on edo petral?". Nahiko lan, gure gizartean bederen. Baina esango nuke bikote estu izan direla luzaroan, milaka urtetan. Eta areago, 'hasieran' ondo eramaten zutela elkar, hainbat bikoteri gertatzen zaionez. Harik eta...
Sexualitateak Misterio handian bildua sumatzen zuen bere burua: bestearen presentzia hondorik gabea, gorputz-arimak elkartzearen plazera, bizi berriaren mirarizko sorrera. Dena Onezko Misterioan bildua. Baita, ordea, arriskuz eta mehatxuz inguratua ere: elkar eraman ezina askotan eta elkar ase ezina beti. Eta hil beharra, ugalketa sexualak hilkortasuna berezkoa baitu. Misterioak eta mehatxuak: biek hurbildu zuten sexualitatea erlijiora.
Erlijioa lagun on gertatu zitzaion 'hasieran' (noski, 'hasieran' esatean ez dut esan nahi 'aspaldiko denbora' baizik eta 'Biziaren hondoa'). Erlijioa arnasa zen, ez sineskizun-sistema. Konfiantzaren iturria eta mugarik gabeko Biziaren zerumuga zabaltzen zizkion sexualitate gartsu bezain hauskorrari. Harik eta...
Harik eta erlijioak sexualitatea menpean hartu nahi izan zuen arte, 'hasierako' arnasa ahazturik. Erlijioak botere patriarkalaren berme zurrun eta jeloskor bilakatu ziren, eta beren sineskizun nahiz sineskeriez, arau eta tabuez sexualitatea estu kontrolatu nahi izan zuten. Itotzeraino. 'Orduan', sexualitateak erlijioarekin hautsi eta etxetik alde egin zuen (edo erlijioa etxetik bota). Horretan gaude gaur.
Hobe lukete erlijioek, sexualitatearekiko etsaigoa edo nagusikeria gaindituz, iturrira itzuli eta jatorriko Bizi-arnasa berreskuratuko balute, bizidunari arnasa emateko.