Baina, elkartasunetik pixka bat haratago joan nahiko genuke, erabakitze eskubidearen aurka erabilitako argudioak aztertuz. Argudio nagusia sinplea da: erabakitze eskubidea ez da existitzen, autodeterminazio eskubidea besterik ez da existitzen. Eta, autodeterminazio eskubidea kolonietan soilik aplikatu daiteke. Eta, noski, Katalunia edo Euskal Herria ez dira koloniak. Bestalde, eta neurri berean, Espainiako Konstituzioaren balore absolutua defendatzen da, demokraziaren bera Konstituziotik eratorria dela argudiatuz.
Erantzuna Konstituzioaren begirada kritikoak ematen digu, gaur egun ikuspegi kritikotik aztertzen den trantsizioan. Trantsizioan, Frankoren erregimena sostengatu zuten indarrek estatuko aparatuak eta komunikabideek kontrolatzen jarraitu zuten, aldiz indar aurrerakoiak klandestinitatetik atera berriak ziren. Indarrak deskonpentsatuta zeuden eta Konstituzioan nabarmen antzeman daiteke, batez ere, bi gaitan: lehena, nazioen errekonozimenduari dagokionean (tartean da Euskal Herria), eta bigarrena, arlo sozialeko eskubideetan.
Horren eraginez, Konstituzioan eraikitzen den demokrazia bera, herritarren parte-hartzea, oso eskasa da. Demokrazia zuzeneko tresnak ez dira apenas existitzen. Ez dugu erreferendumik egiteko aukerarik udal, erkidego eta estatu eskumenetan. Eskubide demokratikoa ordezkaritza politikora mugatuta dago, eta sistemak berak politika egitea alderdi politikoetan bakarrik aurreikusten da. Muga sakon eta demokrazia eskasaren adierazgarria da hori guztia. Edozein demokratak edo demokraziaren defendatzailek defendatuko du herritarren parte-hartze zuzena. Herritarrak badira demokraziaren oinarri, herritarrek erabaki behar dute.
Baina, ziurrenik eztabaida beste arlo batean ere zentratuko da: zertaz erabaki daiteke, zer bozkatu daiteke eta nork. Eta, guretzat sinplea da. Gu nazio bat gara, Katalunia bezala eta, ondorioz, nazio gisa erabaki ditzakegu gure etorkizuna eta beste nazioekin izan nahi ditugun harremanak. Espainiarentzat ere sinplea da: nazio bakarra dago, handia eta askea. Hain zuzen, Espainiako ejertzitoak eta Monarkiak Konstituzioan blindatu zuten bertsioa.
Afrikako kolonia bat ez gara izango, baina legea argudio eskasa da euskaldunen gehiengoak euren etorkizuna erabakitzea nahi badu. Erabakitzeko eskubideak ez du kolonia bat izatearekin edo ez izatearekin zer ikusirik. Erabakitzeko eskubidearen oinarria herritarren erabakitze nahi konpartituta da. Edozein udal edo erkidegok izan dezaken eskubidea. Baina, zergatik Euskal Herrian bai eta ez Errioxan? Galdera batekin erantzutea da hoberena: zergatik dago Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren arteko harreman historikoa tentsioz beteta?
Konstituzioak erabakitzeko eskubidea oztopatzen badu, koherentzia demokratikoz, beste bideak agortuta, Konstituzio hori desobeditu egin behar da. Demokrazian indarrean egon diren legeak zalantzan jarriaz irabazi dute herritarrek. AEBk ez luke presidente beltza izango baldin eta Martin Luther Kingek desobedientzia zibila erabiliz, ez balu legea (guztiz demokraziaren kontrakoa) aldatzea lortu. Desobedientzia zibilak demokrazia indartzen du, eta demokraziaren ezaugarri bat da, nahiz eta batzuek demokrazia horren aurkako legeetan oinarritutako errepresioa abian jarri. Edozein kasutan, jarrera demokratikoa zein den edo zein ez den ezin du Konstituzioak erabaki.
Erabakitze eskubidea defendatzea demokrazia defendatzea da, eta zorionekoa da Euskal Herriaren gaurko egoera aldatzea nahi izatea guztiz demokratikoa den egoera batera pasatuz. Baina, egoeraren aldaketa ez da eliteetatik etorriko, aldaketa herritarrengatik etorriko da eta ziurrenik desobedientzia zibila eskatuko du. Katalunian ere gauza bera pasatzen ari da.
Herritarrek erabakitzeko eskubidea dute. Estatu propioa eraiki edo ez erabakitzeko eskubidea dute, eta 1978. urtean ejertzitoak eta Monarkiak ezarritako kateak askatzekoa. Indar aurrerakoiak, demokraziaren aldeko borroketan murgildu direnak, erabakitzeko eskubidearen aldeko apustua egiteko ordua da. Hemen eta Katalunian.