Ez dut gezurrik esango, Euskaldunon Egunkaria-k, txarrerako eta onerako, markatuta utzi gaitu. Baina aurrera begiratu behar da eta garai berrietan gaude, dudarik gabe, arrazoi askorengatik garai berriak dira. Elkarbizitzan asko egin dugu aurrera, eta urteetan izan dugun sufrimendu eta tentsio maila asko jaitsi da. Egia da egunero ikusten ditugula egoera gogorrak eta eskubide urraketak, baina ilusioa eta bakea lortzeko bidea sustraituta dago gure gizartean.
Gure Azpeitia bereziki asko sufritu duen herria izan da, aspalditik datorren eta askotan bakar-bakarrik pasatzen den sufrimendua. Eta askotan gure egunerokotasunak eta abiadurak ez digute uzten sufritzen ari direnei, ondorio bidegabeak sufritu dituztenei, gure arreta eskaintzen. Beste aldera begiratzen dugu, nahiz eta sufritzen ari direnak keinuren baten zain dauden. Askotan, ez dugu denborarik keinu txiki bat behar dutenentzat; askotan, ez garelako ohartzen; beste askotan, ez garelako ausartzen; eta, azkenik, askotan ez dakigulako nola hartuko duten gure keinua. Eta horrek bakoitza bere trintxerara eramaten du.
Zaila da keinuak egitea ere, keinuak egiteko derrigorrez zorrotzak izan behar baitugu. Helburua denon elkarbizitza hobetzea bada, gure etorkizuneko Azpeitiaren sustraiek sendoak izan behar dute. Eta akatsik egiteko aukerarik ez daukagu. Dagoena baino min eta sufrimendu handiagoa ezin dugu sortu. Gertatutakoaren inguruan zorrotzak izan behar dugu denok. Besteei exijitu aurretik, norberak eta denok eman behar ditugu pausoak, ausartak izanez. Gorrotoak ezin du tokirik izan azpeitiarron artean. Denok aitortu behar ditugu edozein biolentziak eragindako biktimak, denok babestu atzoko eta gaurko eskubide urraketak eta sufrimendua jasaten dituztenak.
Eguna hala moduz pasatzen da, baina iluntzeak luzeak egiten dira sufrimenduarekin, ohe hutsak, beldurrak, amorruak, dena aldatzeko gogoa... gogorra da benetan lo ezin hartzea. Iluntzean dena gainera etortzen da eta bakartasunean kolpatzen gaitu minak. Hori guztion artean gainditzea lortu behar dugu, iluntze horiek goxoagoak egitea lortu behar dugu. Eta Egia, Erreparazioa eta Justiziaz gain, elkartasuna, berotasuna eta gertutasuna dira erabili beharrekoak. Denok gara azpeitiarrak, eta hori ezin dugu aldatu. Begietara begiratu eta zintzotasunez, gizarte bezala, aurrera egin behar dugu.
Inaxio Uria gogoan
Itxaropen eta ilusio garaiak datoz. Utz ditzagun ezinikusiak alde batera. Azpeitia bizitzeko leku zoragarria da, eta oraindik hobea egingo dugu denon artean.
Eta denboran gertutasunagatik, orain urte gutxiko hilketa izanik, eta beste inoren mina eta sufrimendua gutxietsi gabe, sentitzen duen saminagatik elkartasun zintzoa helarazi nahiko nioke Azpeitiko familia bati. Inaxio Uriaren senide eta lagunei, hain zuzen. Sufrimendu handia dute, eta berriro gertatu ezin den egoera bidegabe baten biktima dira. Saia gaitezen beraien mina denon artean arintzen. Uztarriaren azaroko zenbakian argitaratutako gutuna da hau.