Nor dira agintari politikoak gure haurrek eskolaz kanpo ze kirol, noiz eta nola egin behar duten erabakitzeko? Zergatik gelan historikoki garrantzia gutxiena izan duen gaiari eskolaz kanpo hainbesteko garrantzia eman? Ez ote da hobe, eskola garaian gure osasunean hainbesteko garrantzia duen kirolari ordu gehiago eskaini eta eskolatik kanpo bakoitzari nahi duena egiten utzi? Gaur egungo eskola kirola defendatzen dutenek beti gauza bera esaten didate: eskolaz kanpoko kirola arautu beharra dago, bestela haurrek bi edo hiru kirol bakarrik egiten dituztelako. Eta? Funtseskoa, garrantzitsuena, haurrak kirola egitea da, kirolak dakartzan onuren berri izatea. Futbolean bakarrik jokatzen dutela? Eta horrek haurrari ze kalte egiten dio?
Soinketa irakasleei diedan errespetu osoarekin, soinketa orduetan, zentzurik gabeko korrika saioak egiteari utzi eta haurrek ikasi dezatela kirola zer den, ze onura dituen eta ze aukera zabala duten. Eta gero haurrak aukera dezala gehien betetzen duena. Nahi duena, baina egin dezala.
Osakidetzaren aurrekontu potoloa arintzeko biderik onena. Ah, eta lehiakortasuna xamurtzearenak, puf... irakiten. Finalik ez, sailkapenik ez, zoragarri... eta gero eskolan egunero kontrolak eta notak. Finalak eta sailkapenak ez kendu, soberan dauden gurasoak perretxiko bila bidali.
Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia artikulua.