Pedro Luengo: "Nik nahi dudana egiten dut, neuri gustatzen zaidana"

Uztarria.eus 2014ko abe. 3a, 20:47

Pedro Luengo, 'Matrikulak' erakusketako lanetako baten ondoan.

Matrikulak izena jarri dio azpeitiarrak argazkiak oinarri hartuta eta teknika berriak ere erabiliz osatu duen margolanen erakusketa berriari; egiten duen laugarrena da. Abenduaren 14a arte ikus daiteke, Betharrameko aretoan, Diego Cruzen eta Udane Juaristiren ikaslearen lana. 2011n Sanagustin kulturgunean egin zuenetik hona egindako 30 koadrorekin osatu du erakusketa berria. Uztarriari eman dion elkarrizketa honetan azaltzen ditu xehetasunak.

Zergatik Matrikulak? Zer dira, zure erakusketan?

Estetika kontuagatik izan da, pixka bat. Koadroak egin ahala, letra eta zenbaki batzuk jartzea pentsatu nuen hasieran, eta gustatu egin zitzaidan. Handik aurrera, hortik lotura bat ematea zegoela pentsatu eta koadro guztiei lau zenbaki eta hiru letra jartzen joan nintzen; matrikulak bezala, eta izenburua hortik dator. Kasualitatea izan zen, nolabait. Koadroetan badaude kotxeak, bizikletak, paisaia urbanoak... baina umeak ere badaude. Matrikulak lotzeko era bat da, erakusketari nolabaiteko lotura ematea gustatzen zaidalako.

Nolakoak eta zenbat dira, matrikuladun koadro horiek?

Batik bat hiru gai landu ditut: hiriak edo paisaia urbanoak; pertsonak, batik bat umeak, eta gehienak kanpotarrak, lehen bezala; eta, gero, bizikleta zaharrak. 30 lan dira, hiru urtetan egindakoak. Lehen gehien bat kolore marroi eta zurietara mugatzen nintzen eta oraingo lanek kolore dezente daukate, koloreen eremua zabalagoa da lan hauetan. Teknika aldetik ere, orain arte olioa landu izan dut beti, Diego Cruzekin. Baina Udane Juaristi Azkoitiko artistaren lana ere asko gustatzen zait. Orain dela urte batzuk haren erakusketa bat ikusi nuen eta gustatu egin zitzaizkidan urbanoetan erabilitako teknika, lortzen zituen testurak...

Ze teknika da hori?

Transfer esaten zaio. Argazkiak taulara transferitzea da, gero horren gainean gauzak eransten joateko. Erakusketan bietako lanak daude, olio-pinturak eta transferrarekin egindakoak, teknika mistoa erabilita egindakoak... Azkenean, nahasketa bat da: egunkariak, argazkiak, olioa, akrilikoa, pinturak, letrak... Dena, dagoen dena. Sueltoagoa, nolabait esateko.

Lan berriak egiterakoan ere argazkietan oinarritu al zara?

Bai. Gustatzen zaidan argazkiren bat ikusten dudanean, edo neuk ateratakoetan, beti horietan oinarritzen naiz. Kaletik nihoanean beti argazkiak ikusten ditut nik. Orain, gainera, telefono mugikorrak ditugu, zerbait gustatutakoan berehala ateratzeko. Argazkiaren kalitatea ez da, azkenean, inportanteena, gero koadroa landu egiten dudalako. Argazkiak asko gustatzen zaizkit.

Matrikulak erakusten duzun lehen aldia da hau, ezta?

Bai, hau da lehena. Hiru urtetan zehar egindako lan berriak dira, bat ezik. Hori Elgoibarren jarri nuen eta hemen ere jarri egin dut. Erakusketaren sarreran jarri dut, batik bat ikustea nahi nuelako, lehengo lan bat eta oraingoak batera, jendeak eboluzioa ikusteko. Hori interesgarria zela iruditzen zitzaidan.

Eta, aipatutako teknika berrien erabileraz-eta harago, zure lanetan zer eboluzio egon dela esango zenuke zeuk?

Igoal, teknika aldetik eboluzioa egon da. Ni margolari afizionatua naiz eta, azkenean, pinturari zenbat eta denbora gehiago eskaini, teknika hobetu egiten duzu. Neuk ikusten dut hobekuntza alde horretatik. Dena dela, niri lehengo lanak ere gustatu egiten zaizkit. Alde horretatik, suertea dut, egiten dudana gustatzen zaidalako. Nik nahi dudana egiten dut, neuri gustatzen zaidana. Gero, suertez, batzutan besteei ere gustatu egiten zaie. Beti izan dut harrera ona, eta horrek ere poza ematen dit.

Beste inon erakusteko asmorik ba al duzu?

Bai, badut asmoa. Betharrameko erakusgelan 30 koadro sartzen dira eta jarri egin ditut, badauzkadalako; baina agian 20rekin ere ondo gera daiteke erakusketa bat. Batzuk saltzen ere ari naiz, baina badut asmoa, agian Zumaian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide