Gure hizkuntza gure izaeraren zati da, "gu" egiten gaituena da. Zer desberdintasun dago euskal herritarraren eta euskaldunaren artean? Bada, euskara. Beraz, abenduaren 3ak ez luke izan behar urte guztian egin dugun edo egiteari utzi diogun lanaren tapaki. Hori dela eta, Natul euskara taldeak uste du egunero izan behar dugula kontuan gure hizkuntza: etxean, kalean, lantokian, anbulatorioan edo lagunartean. Erronka hori lortzeko saiakeran, abenduaren 3a oso eskas gelditzen da, egun batek hogeita lau ordu soilik baititu.
Gure aburuz, gaur egun, oso erraza da euskararen alde egotea eta urtean egun batean euskaldunak garela aldarrikatzea. Hala ere, guk zera eskatu nahi diegu azpeitiarrei, egunero-egunero lehen hitza euskaraz egitea, euskaraz hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzea, erakunde publikoen aurrean, tinko, euskaraz egitea, gure eskubideak bete daitezen eskatzea, informazioa euskaraz jasotzea eta gainontzekoak euskaraz informatzea. Ez abenduaren 3an, ezta gainontzeko egunetan ere ezin dugu espaloitik jaitsi, gurea aldarrikatu behar dugu.
Erronka handia da, jakina, eta ezin dugu lortu urtean behin euskararen eguna ospatuta. Horrenbestez, urtean 365 egunetan izan behar dugu euskara ahoan eta bihotzean, belarrian eta poltsikoan.
Euskal Herri euskalduna dugu helburu, eta norabide horretan, Azpeitiak euskarari ekarpen garrantzitsua egin diezaioke. Udalerri euskaldunetako herritarrok euskararen normalizazioan euskararen hedatzaile papera jokatu behar dugu, horrela, euskararen arnasguneak zabaltzeko eta hedatzeko. Ez gara aspertuko errepikatzen gure herria eredu dela Euskal Herri osoan, eta erantzukizun handia dugula gure hizkuntzak bizirik iraun dezan.
Abenduaren 3a, Euskararen Eguna, ospatzeari lagatzen diogun egunean, orduan, benetan arriskutik kanpo egongo da euskara: gure nortasuna eta izaera.