Agintaldiko azken aurrekontuak onartu ditu Udalak

Uztarria.eus 2014ko abe. 3a, 18:53

Bilduren udal gobernuaren aldeko botoekin onartu dituzte 2015erako kontuak; oposizioan dauden EAJk eta Hamaikabatek kontra bozkatu dute. Datorren urteko aurrekontu orokorra 18.362.892,83 eurokoa da, eta Udalaren aurrekontu propioa 17.332.944,06 eurokoa; 2014ko aurrekontuen oso antzeko kopuruetan ibiliko da Udala 2015ean, igoera txiki batekin. Aurreko urteetan bezala, jarduera ekonomikoa sustatzeko neurriek eta gizarte beharrei zuzendutakoek pisu nabarmena izango dute aurrekontuetan. Datozen udal hauteskundeen ondoren osatuko den udal berriari "hipotekarik ez" diotela utziko esan du Eneko Etxeberria alkateak.

2011-2015 udal agintaldiko azken aurrekontuak onartu zituen atzo, asteartea, Azpeitiko Udalak, abenduko ohiko udalbatzarrean. Bilduren udal gobernuaren aldeko botoekin onartu dituzte datorren urterako kontuak; oposizioan dauden EAJk eta Hamaikabatek kontra bozkatu dute.

Ohi baino goizago onartu dituzte aurrekontu berriak Udalean eta hori nabarmenduz ekin zien udal gobernuaren azalpenei Manuel Unanue Ogasuneko batzordeburuak. Aspaldiko urteetan ez bezala, urtea hasi baino lehen aurrekontuak zehaztuta ekingo dio Udalak 2015ari. Datorren urteko aurrekontu orokorra 18.362.892,83 eurokoa da, eta Udalaren aurrekontu propioa 17.332.944,06 eurokoa; 2014ko aurrekontuen oso antzeko kopuruetan ibiliko da Udala 2015ean, igoera txiki batekin. Aurrekontu horiekin, datozen udal hauteskundeen ondoren osatuko den udal berriari "hipotekarik ez" diotela utziko esan zuen Eneko Etxeberria alkateak.

Ekonomia, gizarte politikak eta inbertsioak

Aurreko urteko aurrekontuen ildo beretik, herritarrek eta eragileek Denon Artean 2015 prozesu parte-hartzailean egindako ekarpenak, Udaleko alderdi politikoenak eta Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa izan dira 2015eko aurrekontuak osatzeko udal gobernuak baliatu dituen iturriak. Eta, krisiaren testuingurutik atera gabe, datorren urtean ere jarduera ekonomikoa sustatzeko neurriek eta gizarte beharrei zuzendutakoek pisu nabarmena izango dute aurrekontuetan.

Hain zuzen ere, udal aurrekontuak "bost zutabe nagusitan" banatu daitezkeela nabarmendu zuen Unanuek. Batetik ekonomiaren sustapena egongo da. "Udalak krisiaren aurrean motorra izan nahi du", Unanueren hitzetan: "Horregatik, Iraurgi Berritzenen aldeko apustua egiten jarraitzen du, sustapen plana, Gizarte Zerbitzuetatik antolatzen diren formazio saioak, Bertan eta Saiolanekin akordioak...". "Herritarren aldeko politikak" gauzatzea da Udalaren beste erronketako bat. Antzeko tamainako udalerrien artean, "Azpeitiko Udala da bakarra gizarte laguntza propioak dituena", Unanueren esanetan. "Honela, laguntzak jasotzen dituztenek konpromiso orria bete eta, besteak beste, euskara ikastaroak, herriko ekimenetan parte hartu edo Udalak antolatutako formazio ikastaroak egiten dituzte". Udalak ematen dituen zerbitzuen kalitatea mantentzea da aurrekontuen hirugarren zutabea; udal barruko funtzionamendua hobetzeko prozesua abian jarri dutela esan zuen Unanuek. "Ingurumena zaintzea" da aurrekontuetan kontuan hartu duten bestea. Hondakin bilketa sistema definitzea, zaborra nola jasoko den zehaztea, "falta" dela esan zuen Ogasuneko zinegotziak, baina sistema berriak zer kostu izango duen aurreratu zuen: "Mankomunitateak aurreikusi duenaren arabera, 1.260.000 euro inguru".

2015eko udal aurrekontuen azken zutabea "azpeitiarrek beharrezkoak dituzten azpiegiturek" osatuko dute. Egiten hasita dauden batzuk (plaza, azoka plaza, igerilekua eta Garmendiko espaloiak) eta egiteko dauden beste batzuk (Barrenetxeko ur beroak, Urrestillara bidegorria, plazako kioskoa eta urbanizazioa, eta Salbe eta Agirre auzunetako lanak, besteak beste) zerrendatu zituen Unanuek. Hauek dira, azpiegiturei dagokienez, 2015eko aurrekontuetan jaso dituzten inbertsio nagusiak:

  • Urrestillarako bidegorria: 120.000 euro.

  • Barrenetxeko ur beroak: 250.000 euro.

  • Plazako kioskoa eta urbanizazioa: 200.000 euro.

  • Salbe auzunea: 100.000 euro.

  • Agirre auzunea: 130.000 euro.

"Arlo askotan atzera"

EAJk eta Hamaikabatek 2015erako aurrekontuen kontra bozkatu dute. Hamaikabateko Aitor Arangurenek 2014ko aurrekontuei ere ezezkoa eman zien, baina ez jeltzaleek, EAJk 2014ko kontuen alde egin baitzuen. "Aurrerapausoak eman beharrean, arlo askotan atzera" doa udal gobernuaren jarduna EAJkoen ustez, eta horregatik egin dute orain aurrekontuen kontra. Hala adierazi zuen Aitor Gorrotxategi bozeramaleak. Aurrekontuen edukietan baino –hor ere hainbat kontu "faltan bota" dituzten arren–, Bilduko gobernukideen zenbait jarreretan ikusten dituzte hutsuneak: "Urtero agindu dira azterketak eta debateak, baina aurrekontuen unea iristean badirudi beti hasierako abiapuntuan gaudela. Eta jadanik sinesgarritasunik ez digu ematen esaten zaigunak, emandako hitza gero ez baita betetzen. Hitz polit asko entzun dugu, baina gero gauzatu, ezer ez".

"Informazio falta", eskatutako bilerak egin ez izana edota hitzarmen eta azpikontratazioen gaineko "erreflexio eta hausnarketa falta" aurpegiratu zizkion Gorrotxategik udal gobernuari. Aurrekontuen edukiari dagokionez, berriz, "Soreasu betetzeko plana zehaztu behar" dela uste dute jeltzaleek. Eta hondakinen bilketarako sistema berria abiarazteko, Udala "intentzioen aitorpen huts-hutsa" jasotzen duen txosten batean oinarritu dela kritikatu dute; epeak, baliabideak eta diru-partidak zehazten ez dituena, EAJren esanetan.

Azpeitiko Udalaren 2015eko aurrekontuak

Azpeitiko Udalaren 2015eko aurrekontu orokorra: 18.362.892,83 euro (2014an 18.133.862,02 euro)

Udalaren aurrekontu propioa: 17.332.944,06 euro (2014an 17.132.093,25 euro)

Euskara Patronatua: 573.213,03 euro (2014an 574.219,68 euro)

Udal Kirol Patronatua: 1.172.769,18 euro (2014an 1.092.307,30 euro)

Azpeitia Lantzen, SA: 251.380,00 euro (2014an 242.000,00 euro)

 

Udalaren 2015ko aurrekontua, sailez sail:

  • Ogasuna eta Kontuak: 949.900,09 euro
  • Hirigintza eta Ingurumena: 1.384.500,00 euro
  • Hezkuntza eta Euskara: 764.324,26 euro
  • Kultura eta Gazteria: 766.300,00 euro
  • Kirolak: 1.677.469,18 euro
  • Gizartekintza: 1.156.900,00 euro
  • Langileria eta antolakuntza: 5.272.604,91 euro
  • Festak: 495.000,00 euro
  • Zerbitzu orokorrak: 3.453.172,13 euro
  • Alkatetza: 206.000,00 euro
  • Industria, merkataritza eta turismoa: 858.873,49 euro
  • Parekidetasuna: 113.900,00 euro
  • Baserriak: 234.000,00 euro

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide