Bertakotuz

Erabiltzailearen aurpegia Amaia San Vicente 2014ko abe. 17a, 11:08

Urte amaiera, sinadura berria. Zuetako askorentzat izen (eta aurpegi) ezezaguna. Hamar bat urte izanen dira azpeitiarrekin lehen aldiz topo egin nuenetik. Ingalaterrara ingelesa praktikatzera joandako gaztetxo horietako bat nintzen artean eta, paradoxikoki, geure hizkuntzak, euskarak, elkartu ninduen hara joandako bi lagunekin. Unibertsitatera iritsi berritan azpeitiarrak, perretxikoak udazkenean nola, halaxe hasi ziren ugaritzen nire inguruan: Leioako Kazetaritzako ikaskideak, pisukideak, batean eta bestean ezagututako parrandazaleak...

Gogoan dut lehen aldiz Azpeitia "Urola Kostan" kokaturik zegoela aditutakoan, ikastolan inoiz ikusitako mapako marra urdin hura burura etorri zitzaidala, ozta-ozta. Kostaldea lur hauetaraino zabaltzen zela esatea, ordea, gehiegitxo iruditu zitzaidan. Orduko gazte haren ikuskeran, nire begirada kamuts eta nerabe hartatik, Azpeitia Pernando Amezketarraren marrazki bizidunetan ikusitako muino arteko herrien antzekoa zitzaidan. Kapitalekoa izanik (erreinu zaharrekoa), irudi bukoliko hark iradokia, mundu ezezagun bezain erakargarria zitzaidan: euskalduna, bertsolarien kabia, baserri girokoa... 

Geroz eta sarriago ekin nion, horrenbestez, Azpeitirantz ekartzen ninduten errepide bihurri eta makur horietan barrena bidaiatzeari. Izarraitzeko larreek zein aldatzek ez zioten buruan nekarren argazki hari bizkarrik eman... baina Azpeitik beste hamaika irudi ere erakutsi dizkit urte hauetan zehar: industrialeku garrantzitsua –zein haren gainbeheraren lekuko nabarmena–, partaidetzarako gunea, ekimen berritzaileen sorlekua, belaunaldien arteko lokailua, kulturarteko topalekua. Kontraste horiek guztiek dute lekua, eta euren balioa, geure egunerokoan. Horiek mantentzea eta orekatzea da erronka. Mosaiko anitz horretako kide izaten ahaleginduko naiz ni ere, aurrerantzean.

Abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide