Markel Olano: "Enpresen etorkizuna gure etorkizunaren muina da"

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2014ko abe. 22a, 11:38

Azpeitian, larunbatean Azpeitiko Batzokian egindako bileran, Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagai jeltzaleak aditzera eman zuen lurraldeko ekonomia sustapenak lehentasun osoa duela.

EAJ-PNVren Gipuzkoako diputatu nagusigai eta Oria eskualdeko zerrenda buru Markel Olanok parte hartu zuen larunbatean, abenduak 20, Azpeitian, bailarako udaletarako hautagai jeltzaleekin batera -Aitor Gorrotxategi (Azpeitia), Javier Zubizarreta (Azkoitia) eta Joxe Mendizabal (Zestoa-) burutu zen lan bileran. Halaber parte hartu zuten Eider Mendozak, Xabier Ezeizabarrenak eta Imanol Lasak, Bidasoa-Oiartzun, Donostialdea eta Deba-Urola eskualdeetako foru hautagaiak; eta gaur egun udalerri horietako zinegotzi eta alderdikide direnek ere bai. Bertan, jeltzaleek, Urola Erdiko eskualdearen erronkak aztertu zituzten. Horren harira, Markel Olanok honakoa esan zuen: "Gipuzkoako eta honen baitan Urola Erdiko ekonomiaren sustapenak gure lehentasun osoa du".

Ildo beretik, Markel Olanok azpimarratu zuen Gipuzkoan garai berrietara egokitze lanetan "buru-belarri" dagoen industria sare indartsua dugula, eta gehitu zuen: "Enpresen etorkizuna gure etorkizunaren muina da eta horrek ahalbideratzen du gaur egun dugun bizi kalitatea eta gizarte zerbitzu sarea mantentzea. Horrexegatik, esportaziora eta berrikuntzara bideratutako moldaketa lanetan ari diren gipuzkoar enpresek gure babesa dute".

Era berean, EAJ-PNVren diputatu nagusigaiak, arlo sozialean gipuzkoar gizarteak osatuta eta antolatuta duen sare sozial indartsua gogoratu zuen. "Gizartearengan konfiantza dugu eta publiko-pribatuaren arteko lan partekatuaren aldeko apustua egiten dugu". "Gipuzkoa eta baita Urola Erdia ere", jarraitu zuen, "bidegurutze batean daude. Talka egiten duten bi ereduren artean erabaki beharko dute, alde batetik ezker abertzalearen inposaketa eredua, sektore publikoan bakarrik azpimarra egiten duena; eta bestetik, gipuzkoar gizarte indartsu baten elkarlanean sinisten duen EAJ-PNVren eredu irekia".

Antolatutako gizarte adibide gisa, Markel Olanok Azpeitiko Larrañaga zerrategira egindako bisita nabarmendu zuen. "Gure basoen kudeaketa eta ustiaketa jasangarritik egurra ateratzen dugu, gero zerrategian lantzen da eta azkenik esportaziora bideratzen ditugun produktuak, tresnak, makinak, biltzeko balio du. Ondo egituratutako sare guzti horrek lanpostuak eta aberastasuna dakartza eta eredu hau defendatzen dugu".

Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako alkatetzatarako hautagaiek, Aitor Gorrotxategik, Javier Zubizarretak eta Joxe Mendizabalek ere ekonomiaren sustapenean jarri dute eskualdeko erronka. Halaber, "beharrekotzat" jo dute Azkoitia-Urretxuko errepidea berritzen hastea, "orduan egin zen aurreneko parte-hartze prozesuaren ondoren", Gorrotxategiren esanetan, "ezinbestekoa delako ikuspegi estrategikotik N-1, AP1 eta Abiadura Handiko Trenak Ezkio Itsason izango duen geltokiarekin lotzeko eta Zumarragako ospitalera heltzeko denborak laburtzeko". Azkenik, Lapatx zabortegia iragarritako epean ixtea eta Osinbeltzeko harrobian zabortegi berri bat ez irekitzearen aldeko jarrera adierazi zuten, zapatuko bileran.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide