Hemenbuy! webguneak 6.000 bisitatik gora izan ditu lehen bi hiletan

Urola Kostako Hitza 2015ko urt. 7a, 10:38

Duela sei hilabete jarri zuten abian egitasmoa eta urriaren 24an argitaratu zuten Azpeitiko eta Azkoitiko merkatarien webgunea. Bisita ugari izan ditu 2014ko azken bi hiletan, baina erosketak ez dira asko izan.

"Denden denda". Horrela definitu dute Iraurgi Berritzen-ek eta Elkarmediak Hemenbuy.com Azpeitiko eta Azkoitiko merkatarien webgunea. Duela sei hilabete jarri zuten abian egitasmoa, eta urriaren 24an argitaratu zuten webgunea. Orduz gero, plataformarekin lanean jarraitu dute merkatariek zein erakundeek.

Atarian dendek zintzilikatutako produktuak ikus daitezke, eta haiek erosteko aukera ere eskaintzen dute. Hemenbuy! erakusleiho bat den arren, Edurne Azkune plataformako kudeatzaileak nabarmendu du produktuak eta zerbitzuak "saltzea" dela proiektuaren xedea. Bisita ugari izan ditu webguneak 2014ko azken bi hiletan, 6.000 inguru, baina erosketak ez dira asko izan. Gainera, erosketa gehienak Euskal Herritik kanpora egin dira, eta esparru horretan "lanean jarraitu" behar dutela azaldu du Azkunek. Kudeatzaileak badaki Hemenbuy!-n erosteko "zerbait berria" eskaini behar dutela merkatariek atarian, eta hori lantzen ari dira.

Bestalde, dendariak egiten ari diren esfortzua nabarmendu du Azkunek: "Merkatari asko berriak dira mundu honetan, eta lan handia egin dute. Beraiek badakite zenbat eta denbora gehiago eskaini produktuak webgunean sartzeari, orduan eta arrakasta handiagoa izango dutela. Horregatik, dagoeneko ari gara abiadura hartzen".

Hutsuneei erantzuten

Hemenbuy! plataforma hiru urteko ikerketa sakon baten emaitza da, Iraurgi Berritzenen eta Elkarmedia enpresaren hitzetan. Ikerketa horri jarraiki identifikatu dituzte Azpeitiko eta Azkoitiko merkatarien beharrak, eta haiei egokitutako ataria sortu dute.

Batetik, ikusi dute herriko merkatari txikiek ez dutela nahikoa baliabide Internet bidezko zerbitzua eskaintzeko eta, ondoren, produktuak bezeroen etxeetara eramateko. Horrez gain, azaldu dute "eguneroko beharrei" erantzuteko produktuen eskaintza "urria" dela; janariarena edo garbiketarako baliabideena, besteak beste. Behar horiek kontuan hartuta garatu dute Hemenbuy!.

Herriko merkatariei eta bezeroei begira eginiko saltokia denez, erositako produktuak jasotzeko ere erraztasunak jarri dizkiete sustatzaileek bezeroei. Horretarako, bi aukera izango dituzte: dendan bertan hartzea edo etxean jasotzea. Produktuak saltokietan jasoz gero, zerbitzua doakoa da; bestela, hiru euro eta erdi ordaindu beharko dituzte Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako eta Zumaiako herritarrek.

"Konfiantza" da herriko saltokien ezaugarrietako bat: saltzaileak bezeroarekin duen harremana. Hemenbuy!-k denda txikien berezitasun hori mantendu nahi du, baina Internetek ematen dituen aukerak probestuta. "Herriko merkatariek badakite Interneten egon behar dutela, eta horrek beraien jarduna biziberrituko du", esan du plataformako kudeatzaileak.

Oraingoz, Azpeitiko eta Azkoitiko 40 saltokik zintzilikatu dituzte beraien produktuak Hemenbuy.com-en. Haietatik 11 arropa dendak dira, 11k etxeko produktuak eskaintzen dituzte, zortzi osasun eta edertasun esparrukoak dira, beste hiru elikaduraren arlokoak, bi aisiari eta kirolari lotuta daude eta beste bostek, berriz, zerbitzuak saltzera bideratzen dute beraien jarduna.

Hain zuzen, hasi berri den urteari begira, elikadurarekin lotutako saltokiak zein zerbitzuak indartzea izango da plataformaren helburuetako bat, Azkunek azaldu duenez.

Balorazioa, "oso ona"

Proiektuaren sustatzaileek balorazio "oso ona" egin dute Hemenbuy!-z eta haren funtzionamenduaz. Beraien hitzetan, Interneteko erabiltzaileei ahalbidetu diete merkatari txikien dendetan erosketak egitea. Haien arabera, ordea, oraindik asko dute egiteko, baina "oso oinarri sendoa" ezarri dute plataformarekin, eta argi dute "fruitu onak" emango dituela eginiko lanak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide