Hauteskunde usaina dario. Sei hilabete eskas falta dira datozen Udal eta Foru hauteskundeetarako. Eta bai, hor daude. Eta horretan ere (h)ari gara. Eguneroko lanez gain, eta guretzako lehentasuna duten gaiez gain (egunerokotasuna gaurkotu, langabezia, lan baldintzak, familia askoren behar sozialak, gatazkaren konponbidea), datozen maiatzeko hauteskundeak ere buruan ditugu. Nola ez ditugu izango bada, instituzio publikoak gure helburua den eraldaketa sozialerako tresna oso garrantzitsuak izan badaitezke?
Dagoeneko, dakizuen gisan, hasi dugu prozesua. Parte-hartzailea izatea dugu helburu. Parte-hartzailea legegintzaldi honetan egin dugunaren balantzea egiteko. Parte-hartzailea egoeraren diagnostikoa egiteko. Eta parte-hartzailea etorkizuneko Azpeitia marrazteko. Horretan dihardugu. Eta horretan (h)arituko gara datozen hilabeteetan. Maiatzetik aurrera udalean gure ordezkariak izango direnek elkarrekin osatutako programa hori gauzatu dezaten.
Hori da egiten (h)ari garen bidea, eta, ondorioz, datozen hilabeteetan zeharkatu nahi dugun bidearen ezaugarritze nagusia.
Badirudi, ordea, badela bestelako bideak jarraitzea erabaki duenik ere. Joko zelaitzat komunikabideak hartu eta ika-mika sortzea helburu bakartzat duenik ere. Bai, Azpeitiko EAJ da hori. Badira hiruzpalau hilabete komunikabideetara bidalitako oinarririk gabeko gutunak lan tresna, helburu, bakartzat hartu dituenik. Joko zelaiz okertu zarete! Guri dagokigun joko zelaia herria, udaletxea ala kalea, eremu instituzionalak ala herri eragileak, baina herria, herritarrok konpartitzen ditugun gune horiek dira. Herritarren beharrak asetzea posible egiten duten eremu guzti horiek. Eta eztabaidak dagozkien tokian eman behar direnaren uste osoa dugu.
Eta ez, inolaz ere ez, interes partidistetatik ateratako argazki faltsuen bidez herritarrak engainatzen saiatzea. Eguneroko lanean gure prestutasuna eta denonak diren baliabideak denon eskura jartzea da gure helburua. Inolako proiekturen errentagarritasuna geure egiteko helburu politikorik gabe.
Eta ez, inolaz ere ez, lan egiteko hautatuak izan garen markoetan ekarpenik ez egin baina komunikabideen bidez akusazio faltsuak egitea. Gure borondatea, adostasunak topatzeko borondatea, eta adostasunaren bidez herritarrei gai anitzetan alternatibak eskaintzea izan da 3 urteotan izan dugun jarrera. Hondakinen afera kasu. Nabaria izan da, ordea, adostasunik lortzeko ezintasuna gai honetan. Eta gure determinazio falta hilabete hauetan adostasunik izan gabe aurrera egiteko. Gure autokritika horretan.
Eta ez, inolaz ere ez, ez dugu onartuko Soreasu bezalako gai batekin horrelako arinkeriaz aritzea. Nortzuk eta makroproeiku hori, inolako diagnostikorik, beharren identifikaziorik egin gabe eraiki zutenengandik.
Eta jarraitu dezakegu... Baina ez dugu egingo.
Kritikak nahiz ekarpenak jasotzeko prestutasun osoa dugu. Elkarlanerako ere bai, noski. Lau urte hauetan gauza anitz izan dira hurrengoetan hobetu beharrean gaudenak. Akatsak egin ditugu, nola ez. Badakigu. Eta autokritika egin eta aurrera begirako neurri zuzentzaileak jartzeko prest gaude.
Baina argi izan. Ez gara komunikabideetako eztabaida eta ika-mika merkeetan sartuko! Mesedez izan zaitezte serioak... Hauteskundeak izan ala ez, denak ez du balio! Politika horrela usteltzen usteko gai garrantzitsuegia da.
Guk, EH Bildu, herritarrok herria antolatzeko, herritarrok elkarlanean gizarte justuago bat eraikitzeko, bitartekoa izan dadin nahi dugu.