Oinarrizko eskubideen aurkako erasoa

Erabiltzailearen aurpegia Kazetarien Euskal Elkargoko batzarkidea 2015ko urt. 8a, 15:45

Atzo, asteazkena, Parisen gertatutakoaren harira idatzitako iritzi artikulua da hurrengoa.

Amorruz eta penaz beteta idazten ditut datozen lerroak. Oraindik ezin ulertuta nago, nola daitekeen erlijioaren izenean egunkari baten erredakzioan armaz sartu eta 12 pertsona erail.

2012an Mahomaren karikatura batzuk argitaratzeagatik hainbat aldiz erasotu dute Charlie Hebdo astekari satiriko frantsesa. Erasoaldi guztiak onartezinak, baina gaurkoa are gutxiago. Gaurkoa ez da izan Charlie Hebdo astekariaren aurkako atentatua, gaurkoa komunikatzaile garen guztion eta gizarte osoaren aurkako erasoa izan da. Parisen gertatutakoa adierazpen eta informazio askatasunaren aurkako atentatua izan da.

Ezin ditugu onartu horrelako tratuak ez komunikatzaileei ez beste edozeini, ez Parisen eta ez inon. Horregatik, babesa erakutsi nahiko nieke beraien lana egiteagatik jazarrita, irainduta, erasotuta edo bestelako egoera zailetan egon diren komunikatzaile guztiei. Beraien ogibidea betetzeko zailtasunak dituztenak edota betetzeagatik atxilotuak, torturatuak, mehatxatuak, hertsatuak, jipoituak... direnak eta izan direnak. Gogoan hartu nahiko nituzke guztiak gaurko nire tartetxo honetan, eta azpimarratu ez ditugula horrelako egoerak ezta antzekoak ere onartzen, onartezinak direlako. 

Eraso horien helburu bakarra informazioari mugak jartzea da, askatasunari mugak jartzea, auto-zentsura lortzea beldurraren bidez, eta gogor egin behar diegu aurre horrelakoei. Satira eta umoreak ibilbide luzea dute prentsan, eta beharrezkoak dira. Era desberdin batean gertakariak azaltzen dituzte, eta horien inguruan iritzi sozial kritikoa eraikitzen laguntzen dute. 

Amaitzeko, ezin ahaztu Parisen zaurituta dauden kazetariak, ezta hil direnak zein beraien familia, lagun eta gertukoak. Hemendik indarra eta berotasuna helarazi nahiko nizkieke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide