Trena gure bailararentzat

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxeberria 2015ko urt. 10a, 11:09

Guri, Urola bailaran, trena gustatzen zaigu gehien. Herritarrak eta merkantziak komunikatzeko modu seguruena izateaz gain, energia kontsumo ikuspuntutik efizienteena da. Horrez gain, hainbat abantaila du: ingurugiroan egiten duen txikizioa txikiagoa da, lur okupazioa eta zarata gutxiago, errepideek, autobiek, autopistek edo abiadura handiko trenek egiten duten suntsiketarik ez du eragiten.

Gainera, gure bailarak bazuen trena. Urola izena zuen. Norbaitzuk (ezetz asmatu nortzuk?) kendu egin zuten, ez naiz gogoratzen zeinen izenean, baina seguru diru kontuak izango zirela medio. Gero gobernuan egon diren urte luzeetan elkarri pilota botatzen pasa dute denbora, inongo irtenbiderik eman gabe.

Trena kendu zuten berdinek, lotsa gutxirekin, bailara komunikatzeko errepide erraldoi bat egitea proposatu dute Zumarragara!? (hemerotekak begiratzea besterik ez dago, Azpeitiak bazuen beste proiektu bat... Horretan jarriko bagina, ez al dugu hobe Zestoatik Donostiarako bidea hobetzea?).

Guk trena behar dugu nagusiki, kotxe trafikoa gutxitu eta bailara ondo komunikatzeko, eta ditugun errepideetan hobekuntzak ere bai. Gure ongizatea hobetuko du, lurralde kohesioa lortuko dugu eta sostengarria da.

Eta Eusko Jaurlaritzari dagokio gure bailarako trena egitea. Zumarragarekin eta Zumaiarekin ongi komunikatuko gaituena. Gertuko trena. Gure bailara behingoz bailara izateko (orain, Urola-Kosta, Urola-Erdia eta Urola-Garaia eskualdetan sakabanatuta gaude). Gu aspalditik ari gara eskatzen. Baina, beste bailara edo proiektu batzuek izango dira lehentasuna (Azpeitiko Larringo lur industrialekin ere antzeko zerbait pasatzen da).

Urolako tren publiko, azkar, seguru, efiziente, kalitatezko eta edonork ordaintzeko modukoaren aldeko apustua egin ordez, Abiadura Handiko ezinezko tren proiektu garestiegiaren (termino guztietan) alde egin du Jaurlaritzak. Gure bailara alde batera utziaz. Guk gertuko trena defendatuko dugu, gurea, herrikoa, Urolakoa... aldrebeskeriak egiteko ez dezatela gurekin kontatu. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide