Eskubideak modu xumean definitzen saiatuko naiz: pertsona orori, pertsona izateagatik, araudiek ematen dizkioten aukera, baliabide eta babes mekanismoak dira –edo horrelako zerbait–. Pertsona orori, bai denoi, pertsona izate hutsagatik. Askotan hitz hutsetan geratzen diren ideiak dira. Begira bestela etxebizitza eskubideari edo euskal preso politikoen eta iheslarien eskubideei. Horiek ez al dira pertsonak?
Espainiako Konstituzioari eta Kode Penalari bistadizoa emanda, segituan nabaritzen da kolektibo horiek pairatzen duten egoera salbuespenezkoa dela. Zergatik? Sistema penala, maila teorikoan, presoen bergizarteratzeko helburuak gidatzen duelako.
Behin estatuak presoak eragin duen ‘kaltea’ zigor bidez zuzendu ostean, kalte hori eta besteen oinarrizko eskubideen aurkako edozein eraso larri berriro ez egiteko, presoa prestatzean eta kalean normaltasunez txertatzean datza bergizarteratzearen ideia. Hau da, presoa prestatu nahi da, egin duena egin, berriro kalean bizitzeko eta gizartean bere bidea egiteko. "Hanka sartzeko eskubidea" ematen zaio gizaki orori, maila teorikoan. Kartzela helburu horietarako tresna egokia den ala ez eztabaidan ez naiz sartuko orain, eta norberaren esku uzten dut zigorrik merezi duten edo ez baloratzea. Baina argi dago Espainiako Kode Penalarentzat baietz, eta bera da momentuz agintzen duena.
Eskubide bortxaketak
Preso izanagatik, euren aurkako eskubideen bortxaketa sistematikoak ez du tokirik ez arautegi horretan, ez beste inon. Eskubideak bermatu behar zaizkie beste guztioi bexalaxe. Euskal preso politikoek ez dute etxetik gertuen dagoen kartzelan egoteko eskubiderik, 70 urtetik gorakoek ezin dute kalera atera, gaixo larrien tratamenduak eta kalera ateratzeko aukerak oso mugatuak dira... Hainbat ekubide bortxaketa pairatzen dituzte etengabe, zigorrik ez duten arau hausteen continuum-ean. Ahal balute arnasteko eskubidea ere kenduko liekete. Ez al dira pertsonak? Ez al da bergizarteratzea lortu behar? Hor mendekua ikusten ez badugu, itsu gaude. Arauak botere politikoa mugatzeko sortuak dira, beraz, argi dago:
1.- Sistema penalaren helburuen eta kolektibo zehatzen eskubideen bortxaketak borondate politiko hutsagatik ematen direla.
2.- Gatazka politikoaren existentzia onartzen dela, salbuespenaren motorra baita.
3.- Botere politikoa mugatzeko sortu diren araudiek indarrik eta, ondorioz, zilegitasunik ez dutela, botere faktikoa ez baitu inongo araudiak mugatzen –ez dutelako nahi–.
4.- Mendeku politikoa gauzatzeko instituzioak erabiltzen direla.
5.- Eskubide urraketekin amaitzea borondate politiko kontua dela.
6.- Borondate hori iraultzeko eta pertsona gisa merezi duten duintasuna defendatzeko, beharrezkoak garela guztiok.
Beraz, Euskal Herrira Now!