Exekuzioek, esan gabe doa, eskarmentutik adina dute ikuskizunetik. Justizia deitu izan dugun horrek zertarako den gai erakutsi izan du horrela, sendo dagoela, eta bide batez, izua hezurretaraino sartzen maixu izaten dakiela. Eta hala jartzen da martxan beldur partikularraren makina. Ihes egiteko inolako aukerarik gabe, kondenatuari zer datorkion ikustea ez da zaila. Norberaren buruak egiten du bidea hortik aurrera.
Eta uste dut Estatu Islamikoa azkenaldian helarazten ari den exekuzioen bideo sorta ez dabilela urrun geure-geurea izan den logika honetatik. Beste jainko baten, beste lege batzuen izenean hiltzen da, erritu ankerrean bildua, "komunitateari kalte egin dion hura". Ordaina du faltak hala, eta bide batez, gero eta ikusgarriago, lepoa moztuta batean, bizirik erreta bestean, izua zabaltzen da.
Bideo-jolasen garaiari egokituta, EIren exekuzioek eutsi egiten diote ikusgarritasunari, beren dimentsio sozialarekin eta pribatuarekin. Eta ankerkeria urruneko parajeetara kondenatua dugula, fotograma pixelatu bat azken muineraino sartua, izuaren kudeaketa da azken beltzean inportanteena.
Munduaren eroa jarraitu ezinda gabiltzala, fedea baino ez zaigu eskatzen lasaitasun apur baten truk, Azpeitiko amamari bezalaxe. Izuak zaintzen baitu soroa. Akatsak akats, izan dezagula fedea geure gobernuetan eta hauen bideetan, horrela baizik ez baitzaigu baretuko izu hau, nondik eta nola heldu den ez dakigun izu alimaleko hau.
Iñigo Aranbarrik Berria-n idatzitako artikulua.