Itzulpenak indar haundia dauka gure munduan, baina, bitatik batean, kasik esango nuke ez itzultzeak daukala indar haundiagoa.
Itzulkizun batean zerbait itzuli gabe uzteak intsentsu berezi bat ematen dio zerbait horri.
Ez naiz ari hizkuntzalaritzak –hitz oso desegokiz– "mailegu" izenez deitzen dituen horietaz. Konparazio batera, euskaratik erdarara sartu dira, gehitxoago edo gutxitxoago aldaturik, ezker, akelarre, zulo, kokots, basaran, marmitako, pilotari, hordago, ikurrin eta beste mordoska bat. Ez ditut horiek gogoan.
Nik gogoan dauzkadanak dira zenbait ikerlari edo okerlari burtzorok egin ohi dituzten hitz-jokaldi funsgabekoak: "the basque etxea" (edo gogoa, edogaupasa, edo zernahi), eta horien gisakoak. Jatorrizko hizkuntzan uzten den hori sublimehetua gelditzen da besterik gabe, eta hortik dator ez itzultzearen indar sortzaile edo asmatzailea.
Aita Barandiaranen (ezen ez "euskal") mitologiaren erdia horrelatsu sortua da. Adibidez: gure Aita on horrek entzun zuen behin batean Markinan gaizkiñek (pluralean), eta hortik, erdarazko testuetan itzuli gabe utzirik, eta gainera norturik, Gaizkiñe izaki ustez mitologiko bat sortu edo asmatu zigun.
Ez itzultzeak ustezko ideia unibertsal sakon edo goitarrak sortzen ditu maiz:logos, mantra, tao, saudade, nirvana, Zeitgeist, software eta beste mila ez ote ditzakegu ikusi ezin baten edo nagi baten sorkari moduan?
Jolas egite aldera, jar gaitezen gu ere ideia unibertsalak sortzera. Eta galdezka hasiko gara. Zergatik edo nolatan gertatzen dira ustekabeko gauzak munduan? Ez dago erantzunik inon (fede edo ideia gizenetatik kanpora), eta hargatik esan ohi dugu gure euskara zintzoan: halaxe beharko zuen, edo halabeharrez, eta hola. Baina hizkuntzaren gainetik kultura gailenaren kontzeptuak daude, eta kontzeptu horien izenean eskatzen zaigu erabakitzeko gauzak eta gertakariak kausalitateari ala kasualitateari zor zaizkion: edo ezinbesteari edo zoriari. Kultura gailenaren kontzeptuek sortutako irudipena besterik ez da hori, zeren edonor konturatzen da ezinbestea zori bat dela eta zoria ezinbeste bat. Baina hiztegigile txarrek (hiztegigile onik ez dago munduan, sinistuidazue, eta neure burua barruan sartzen dut) ez dakite hitzek eta esaldiek diotena garbiki entzuten, eta amorratuak dira hitzak kontzeptu gailenen eskakizunetara makurrarazten eta bortxatzen. Eta hargatik irakurriko dugu gure hiztegi ofizialenean, halabehar dela "ertakizunak nahitaezko edo ezinbesteko egiten dituen gauza". Ideia kultural gailen "garbiek" jan egiten dute hitzek eta esaldiek dezaketen edo zezaketentxoa.
Hiztegien indarrak nekeztu egiten dit gure benetako halabehar eder hau munduari saltzea. "Halabehar is a basque curious and ambiguous concept that…": holakoxeak nahi nituzke nik irakurri bazterretan, eta bereziki bazter intelektual sineskorretan. Jolasean eta barregarrizko planean beti ere, baina holaxe 1. Ideia "garbien" izurria zeharo gailendu baino lehenago (edo, bestela esanda, euskarazko zainak barnagotik heltzen zigunean), bestelakoak eta errazagoak ziren gauzak, eta hala, Harriet-entzat adibidez, halabehar zen "la fatalité, le hasard", bi esanahi emanez adierazten bide zuelarik ez zela ez bata eta ez bestea, edo biak batera zela; eta, bidenabar, erdararen ikuspegitik, fatalité eta hasard gauza bertsua direla funtsean, kontestu desberdinetan oso gauza bana badirudite ere.
Hiztegi txarrek (hiztegi onik ez dago, sinistuidazue: hitzek diotena umilki eta maitekiro entzun eta ideia gailenei beti entzungor egingo lieken gizakiak egina izan behar luke hiztegi onak, eta ez dakit holakorik dagoen eguzkiaren azpian), hiztegi txarrek, beraz, zaildu egiten didate itzuli ezineko halabehar (edoHalabehar) sakon sublimehe bat munduari saltzea.
Baina, ezinaren aringarri, beti geldituko zaigu Azpeitian Alabier baserria. Azkuek ere bazuen haren berri, eta idatzirik utzi zuen ezen holako izenak, Orrezpengoedo Ala bear (sic) bezalakoak, zirela "fantasías de algún chiflado puestas por nombre a algunas casas" (Morfología vasca 29 or.). Idatzirik utzi zuen, eta oso gaizki idatzirik utzi zuen. Okerlarien idatzien azpitik, jendeak badaki zergatik dagoen Alabier izeneko baserria Izarraitz aldeko ezleku malkartsu hartan. Fatalité? Hasard? Ez: halabeharrez.
_____________________________
1 Eta bide honetan ausarki beroturik, mundu intelektual motz horri erakutsiko nioke, konparazio batera, Jacques Monod-en Le hasard et la nécessité liburu famatu hura euskaraz aski dela Halabeharra tituluarekin itzultzea. Baina bero horiek uxatu eta errealitate errealera etorririk, esan beharra dago liburu hori Zoria eta beharrizana itzuli dela, baina Zoria eta halabeharra moduan gehiagotan dela aitatua, halabehar hitzaren bortxatze edo tribialtzeak hartaraturik.