Atzeraka

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta (El Diario Vascon argitaratua) 2015ko ots. 23a, 11:16

Atzera egin ote duen, atzera egin duela, euskarak lehen oso euskaldunak ziren herrietan. Horixe da zenbait girotan gero eta sarriago arnastu daitekeen aire eta mezua. 

Gure arteko askok bere jarrera justifikatzeko erabiltzen duen biktimismoari botatzen diot nik ardura. Izan ere zenbaitentzat minduta, triste eta betilun ez bagaude, ez gaude eta ez gara. Estatistikak bere horretan irakurtzeak ere, inolako interpretazio lagungarririk gabe, iluntzen du giroa. Aldiz, autonomiaz geroztik, euskara dakitenen kopurua bikoitzetik gorago joan da. Irakurle inozo batek, datuak horrela aurkezten bazaizkio, agudo esan lezake hobe dela, beraz, euskararen normalizaziorako hiri giroa. Horrela esanda herri euskaldunetan atzera egin duela esatea bezain egia da, eta errealitatean egiago.

Baina niri egia bezalako guztiak ez zaizkit nire baitan kabitzen. Litekeena da oso, nik ezagutzen dudan herri oso euskaldun horretan euskara dakiten biztanleen kopuruak behera egina izatea, baina ziur nago inoiz baino gehiago, egokiago, funtzio gehiagotarako eta eginkizun jasoagoetarako erabiltzen dela, baita inoiz erabili zezaketela pentsatzen ez zuten haiek ere. Hori aurrera egitea da, ez atzera. Eta ezin dut onartu beste hizkuntza bateko bikotea duen jendeak, hizkuntza batean baino gehiagotan familia ugaritzen dutenak eta abarrak, euskarari egindako eraso, bederen estatistikoa, izan daitezkeenik, guk zaindu ezin dugun aiton amona puzkarti pixontzia zaintzera etorri den nikaraguarrak euskara arriskurik txikienean jartzen duenik, berarekin, errespetuz, erdararik landuenean jardun behar baldin badugu ere.

Otsailaren 20ko El Diario Vasco-ko zutabea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide