Gaur, bigarren saioa 'Gogoetaolak'

Gogoetaola, "norbearen burujabetzatik herriaren burujabetza berreskuratzeko trebaketa tailerren" bigarren saioa izango da gaur, Azpeitiarron Napar Zuzterrek antolatuta, 20:30etik 21:45era, Baigeran. Gaur bi galdera izango dituzte mahai gainean: "Nola adierazten dut nik neuk? Independentzia, burujabetza, subiranotasuna, erabakitzeko eskubidea, autodeterminazioa?" da aurrena; eta honakoa bigarrena: "Zerk ipiniko ninduke ni martxan? Gu, hau da, euskal nazioa izaten jarraitzea bermatzeko, geuk, hau da, subjektu politiko kontsideraziotik, erabakiak hartuta eskutik zaintzeko, bitarteko nagusia den Nafar Estatua berreskuratzeko bidean?". Norberak bere iritzia ematea da asmoa, eztabaidatu gabe, bestea epaitu gabe.

"Norberaren burujabetzatik herriaren burujabetza berreskuratzeko trebaketa tailerra" antolatu dute Azpeitiarron Napar Zuzterrek. Gogoetaola izena jarri diote, eta martxoko astelehenero egingo dute 20:30etatik 21:45era, Baigeran. "Herritarren burujabetza" aktibatu nahi dute, "herriaren burujabetza" lortzeko. Honela definitu dute beraiek: "Taldeka gogoeta egiteko gunea da. Iritziak, esperientziak eta gogoeta pertsonalak partekatzen dira independentzia pertsonaletik. Herriaz, herritar soil batek nahi duena esan eta bestearena entzuten trebatzeko, eztabaida eta epaiketa bazterturik".

Herritarrek "eskubideaz gain erantzukizuna ere badute" Napar Zuzterren ustez, eta horretarako antolatu dituzte tailerrak. "Tailer hauek metodologia honekin, jabetzen, ohartzen kontzientzia aktibatzen laguntzen dute, guztion etorkizuna jokatzen den horretan, norbere eskutik egiten jakiteko", diote.

Horretarako, landuko dituzten gaiak ere zehaztu dituzte: "Euskaldunok herri bezala denboraren harian izan duguna gogoan izanik, etorkizunerako gogoa piztu eta indartu gogoetaola modu kolektiboan eginez". Hala, hiru puntu zehatz jarri dituzte: batetik, "herri bezala izan dugun subiranotasun politikoa, burujabetza edo independentzia"; bigarrenik, "nahi dugun burujabetza"; eta hirugarrenik, "erronka horri aurre nola egin nahi diogun bizitza osatzen duten esparru desberdinak tratatuz".

Ateak irekita ditu parte hartu nahi duen orok, eta izena emateko bideak ere jarri dituzte: gugeukgeuretik@gmail.com helbidea, eta 619 80 00 53 telefono zenbakia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide