Gogoratzen dut, nola izan zen abentura honen hasiera, eta eskerrak eman nahi dizkiet lehenik eta behin berau posible egin zutenei. Orhantza Alegria eta Ainitze Agirrezabala, eskerrik asko, eta noski Uztarriari ere.
Herriko hedabidea, euskalduna, laguntzeko aukera emateagatik. Agian, euskaraz bizi den herri bateko kide izanik ez dugu behar adina baloratzen. Baina Euskal Herri euskaldun batean bizitzeko ezinbestekoak diren baliabideak diren heinean, harro sentitzen naiz nire barneko goragalea botatzeko balio izan didan espazio hori euskaraz bete izanaz. Euskaldunok euskaraz pentsatu, sentitu eta hitz egiteko beharra eta betebeharra ditugu, eta honelako espazioek aukera bikaina eskaintzen dute horretarako.
Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiet etxekoei. Bizitzarako baliagarriak diren milaka lekzio emateagatik, lehenik. Baina gaiarekin lotura gehiago duenez, bi urte hauetan zehar nire ametsei ez hausten laguntzeagatik eman nahi dizkizuet eskerrak. Nire bizitza osoa eskaini diodan ametsak bizirik iraun dezan ezinbesteko laguntza izan zarete. Eta oraindik bizirik dirau, kosta bada ere. Topikoa da baina, ez zen posible izango zuek gabe.
Eta eskerrak eman nahi dizuet zuei, irakurleoi. Idatzi izan dudan zerrikeria guztia, azaletik bada ere, irakurtzeagatik. A zer meritua... Baina, beno, azkenengo esfortzu gisa, esperientzia honetatik atera dudan ideia garrantzitsuenari bistaizo bat botatzea nahiko nuke.