Egin beharrekoa defendatzea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Silva 2015ko mai. 12a, 11:40

Harriduratik atera ezinda nago oraindik. Lerro hauetan ere azaldu izan dut ez naizela kirolzalea, eta konkretuki futbolak duen oihartzun berezi horrek ere amorratu egiten nauela. Baina azken asteburuan gertatutakoak harritu nau. Futbol eta kirol arloa gainditu duela esango nuke, kasu honetan pozten naiz futbolak duen tiroiaz.

Noski, Gaizka Garitanori gertatutakoaz ari naiz. Hau da, Almeria-Eibar partidaren ondoren gertatutakoaz. Espainiar taldearen aurrean eta zelai andaluziarrean galdu ondoren, ohikoa den moduan, prentsaurrekoa egin zuten Almeria futbol taldeko prentsa aretoan. Garitanok ohi duen moduan, galderei erantzuten hasi zen, galderak zetozen hizkuntza berean. Kasu honetan, Joseba Urkiolaren galdera euskaraz izan zen, lehen galdera. Garitano euskaraz jarduteak sutu zituen Almeriako zenbait kazetari.

Gertaeraren ondoren hau moduko milaka iritzi artikulu, bati zein besteei erreferentzia egiten dieten testuak, bideoa… argitaratu dira. Beharbada, berandu da ezer berria esateko, baina benetan harritzen nauena da 2015.urtean, oraindik, Gaizka Garitanok euskaraz egiteko eskubidea duela defendatu behar izatea. Noski, baita EITB taldeko kazetaria den Joseba Urkiolak ere euskaraz galdetzeko eskubidea duela, eta Almeriako kazetariekerrespetatu behar dutela hori aipatu behar izatea. Batean eta bestean irakurri dut Almeriako prentsa arduradun Juanjo Morenok sekulako lana egin zuela. Noski, fin ibili zen, bere lanak eskatzen duen moduan. Bere lana egin zuen, egin behar zen moduan, profesionaltasuna erakutsi zuen Morenok. Badirudi, beren kasta eta hizkuntzaren defentsa egin nahi izan zutela Almeriako kazetariek.

Beraien asmoa zen euskal kazetarion eta Garitanoren eskubide eta nahien kalteetan adierazpen guztiak gaztelaniaz izatea. Nik uste, beraien benetako erretratua besterik ez dutela lortu. Orain berrogei urteko Espainiaren egoerara bueltatzea nahi zuten, baina Garitanoren jarrera eta euskaldunon eskubideak kolokan jarri beharrean, beraien profesionaltasuna da garbi kaltetu dutena.

Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez erantzuten saiatzen da Garitano bere adierazpenetan, galdetzen dioten moduan. Horrela egiten du betidanik nazioarteko egunkariek ere jaso duten moduan.

Ez dut neure burua horrelako egoeretan ikusi, ez elkarrizketatu moduan, ez elkarrizketatzaile moduan, ez prentsa arduradun moduan. Espero horrelakorik bizi beharrik ez izatea, baina ez dakit parean horrelako bat tokatuz gero Garitanok moduko jarrera eleganterik izango nukeen. Sekulako indarra egin beharko nuke bururatutako guztia ez esateko, garbi dut kontinentzia lan hori ere egin zuela Eibarko entrenatzaileak. Hala ere, euskaraz jarduteagatik Almerian jasandakoa ugaritan jasaten dute/dugu Euskal Herrian ere. Garitanok berak Azpeitian eskatu zuen moduan "iraultza txiki asko" egiteko garaia da. Egin dezagun guk ere gurea.
 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide