PSE-EEk eta PPk alkategai erdaldunak aurkeztu dituzte Azpeitian

Chusé Miguel Vicente (Natul euskara elkarteko kidea) 2015ko mai. 13a, 19:22

Azpeitiko udal hauteskundeetara PSE-EE eta PP talde politikoek aurkeztu dituzten alkategaiek ez dakite euskaraz. Oscar Murillo eta Yago Mendez dira, hurrenez hurren, talde horien hautuak, eta ez dugu begi onez ikusten haiek Azpeitirako aukeratzearen erabaki politikoa.

Azpeitia bezalako udalerri euskaldun baterako alkategai erdalduna aurkeztea ez zaigu egokia iruditzen; iruditzen zaigu jokabide horrekin talde politikoek ez dituztela herritarren beharrak eta eguneroko jarduna errespetatzen. Murillok eta Mendezek Azpeitiko Udalean eserlekuren bat lortuz gero, zinegotzi eta herritar guztiak behartuko lituzkete udalbatzetan gaztelania entzutera; eta, gainera, haien itzultzailea gastu bat izango litzateke azpeitiar guztiontzat.

Duela lau urte alkategai euskalduna aurkeztu zuen PSE-EEk, esate baterako. Gaur, 2015ean, UEMAko udalerriak euskararen normalizazio prozesuan inoiz baino pauso garrantzitsuagoak ematen ari direnean, erdaldun bat aurkeztu dute sozialistek.

Hauteskundeen gaia urte hasieratik ari da lantzen Natul euskara taldea. Izan ere, urtarrilean gutun bat idatzi genien Azpeitian aurkez zitezkeela uste genuen talde politikoei: EH Bilduri, EAJri, PSE-EEri eta PPri. Gutun horiek bidali ostean, lau taldeen erantzunak jaso genituen, kartak leku zuzenera bidali genituela esanez. Haiek bermatu ziguten zegozkien pertsonen eskuetara iritsiko zirela.

Honakoak ziren, labur esanda, gutunean egiten genituen zenbait eskaera: hautagaien zerrenda euskaldunekin osatzea, euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoiak hartzeko konpromisoa hartzea; boterera iritsiz gero, euskararekin sentsibilizatuta dagoen Euskara zinegotzia jartzea, udal hautetsiak eta alderdi politikoak hizkuntzaren ikuspegitik eredu izatea edo UEMArekin elkarlana bermatzea.

Ikusten den bezala, lehen puntuan eskatzen genuen hautagaien zerrenda euskal hiztunekin osatzea. Baina egin dituzten hautuak ikusita, gure eskariari ez diote inolako jaramonik egin, eta uste dugu erdaldun elebakar bat udal zinegotzi izateak urteetan udalaren euskararen erabileran eman diren urrats asko eta asko atzeratzea eragin dezakeela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide