Hego Euskal Herri osoan ditugu Udal eta Foru hauteskundeak, baina Gipuzkoa eta Nafarroari luzatuko diet begirada. Bi lurralde horietako emaitzak jakiteko gogoz nago, baina, era berean, hauteskunde gauean panorama oso gutxi argituko denaren ustea dut. Gipuzkoari helduz, lehen indarra izan daiteke EH Bildu, baina oraingoan, lehen indarra izatea baino gehiago beharko du Foru Gobernuaren gidaritzarekin jarraitzeko. Orain dela lau urte, EAJk beste alderdiekin ez batzeko hautua egin zuen eta Bilduk hartu zuen gobernua. Baina ingurumaria asko aldatu da eta ez dakit berretsiko duen EAJk 2011n eginiko hautua. Bildu lehen indarra bada, bigarrenari zer nolako tartea ateratzen dio erabakiorra izango da, EAJren estrategia edota akordioen nondik norakoak ikusteko. Tartea handia bada, 2011ko eszenatoki beretsua izan dezakegu; txikia bada, EAJ koalizioan ikus genezake Foru Aldundiaren buru.
Emaitzetan bi alderdien arteko aldea txikia bada, berriro mahai gainean izango dugu nork gobernatu behar duen eztabaida. Lehen indarrak? Beti? Lehen indarra izan gabe gobernu akordioa lortzen duenak? Pentsatu zein den zuen hautu gustukuena Gipuzkoarako. Orain pentsatu Nafarroaz ari naizela galdetzen. Erantzun bera izango al zenukete? Askok, ziurrenik, ez. Gipuzkoan EH Bildu lehen indarra izanik, ez badu gobernua lortzen, zalaparta egongo dela ziur nago. Hori bai, Nafarroan UPN lehen indarra balitz, baina oposizioko taldeek gobernu alternatiboa eratuko balute, Gipuzkoako 'lapurreta' salatuko luketen askok, ospatu egingo lukete. Ez da erraza horren aurrean irizpide bakarra izatea. Etengabe ari naiz entzuten Nafarroaz, orain baietz, aurten baietz, dena lotuta dagoela eta UPNren gobernu alternatiboa izateko egun batzuk besterik ez direla falta. Zalantzak azaltzean, San Tomas bezala ikusi arte gauza asko ez ditudalako sinesten, aldaketarik nahi ez izatea ere egotzi dit batek baino gehiagok. Eta neure artean diot: “nahi dudanak eta gerta daitekenak noiztik joan behar dute eskutik?”. Dena lotuta dagoela indartsu adierazi didatenek, emaitzekin ez dute dudarik. Barkos (NaBai) eta Araiz (EH Bildu) hautagaiak Nafarroako presidente izateko elkarri bozkatzeko prest direla ere esan didate, eta gainera, Podemos ere hor egongo dela. Nafarroako Podemoseko hautagai Laura Perezek esan du gradu ezberdinetan bada ere, ia alderdi gehienek duten sukurtsalismoa gainditzeko asmoa duela. Beraz, baldintza guzti horiek bete beharko dira Nafarroan aldaketa emateko, eta ez dut uste baldintza arinak direnik, bideragarritzat jotzen baditut ere.
Herrian zer?
Eta aurtengoan zer jokatzen dugu azpeitiarrok? 2011n aise irabazi zuen Bilduk Azpeitiko sokatira. Hein batean, 2007an hasitako aldaketa berretsi zen 2011n. Etiketa zaleek Bilduk instituzioetan izandako sarrera olatu bezala definitu zuten. Baina olatuek horixe dute, goreneko langa, eta laster ikusiko dugu hura al zen ezker abertzalearen, zentzu zabalean, muga, edota oraindik hazterik baduen.
Herritarrek botoa alderdiei ematen dietela uste dut; hautagaia bat ala bestea izan, beraien betiko alderdiari bozkatzen dietela. Egia da, ordea, pixkanaka hauteskunde portaeran aldaketak ematen ari direla, eta herritarrek gero eta gehiago ulertzen dute bozka eurena dela, eta ez alderdiaren ondarea. Azpeitiko hauteskunde emaitza ezberdinak errepasatuz, 2007-2012 urteen artean, EAJk emaitza hobeak lortu zituen hauteskunde autonomikoetan, udalekoetan baino. Bilduk, aldiz, udalekoetan. Are gehiago, azken udal eta foru hauteskundeei erreparatzen badiegu, EAJk Foru Aldundirako 261 boto gehiago jaso zituen Azpeitiko udalerako baino. Bilduk, aldiz, 246 boto gutxiago jaso zituen Foru Aldundirako, udalerako baino. Hortaz, herritarrek ez dute hain itsuan bozkatzen. Zer, zeini eta noiz bozkatu, pare bat buelta ematen dizkiete erabakiari. Baina zer hartzen dute kontutan? Kudeaketa baloratzen al da? Hautagaiak? Hautagaitza gustuko ez izan arren, beste irizpide batzuk lehenetsiz bozkatzera asko eta asko joango da, baina gero eta gehiago dira, X hautagaia edo zerrenda ez bozkatzearen hautua egiten dutenak. Hautagaiaren karisma esanguratsua izan daiteke boto-emaile berriak erakartzeko. Hazi nahi duen edozein alderdik edo proiektuk, bereak ez diren horiek erakartzeko abilezia behar du, bereei ere eutsiz. Horrek, alkateak bete beharreko paperaren eztabaidara garamatza.
Nor ordezkatu behar du alkateak? Alderdia? Herritarrak? Alderdiak A nahi badu eta herritarrek B, zer egin behar du? Alkate heterodoxoak edo ortodoxoak ditugu gustuko? Sarritan beste etxeetako heterodoxoak miresten dira, etxekoak, ordea, izan daitezela ortodoxoak. Esaterako, hondakinen kontuan lortutako akordioarekin pozik somatu nituen azpeitiar asko; Bilduko batzuk, aldiz, haserre. Ez dakit horrek zer isla izango duen hauteskundeetan, baina gai horri dagokionez, behinik behin, heterodoxia ez dela kaltetuko uste dut. Bestalde, EAJk alkategaia aldatu du eta, printzipioz, ez du zaila 2011ko emaitzak hobetzea. Halere, EH Bilduk ipurdiko ikaragarria jaso beharko luke berriro sokatira orekatua irudikatzeko. 2011ko olatua ia errepikaezina da, baina 2007an hasitako aldaketa berretsiko dela uste dut. Sarri, aldaketa baino, aldaketa berrestea garrantzitsuagoa eta zailagoa izan daiteke.
Uztarriaren maiatzeko aldizkarian argitaratutako analisia da hau.