Akordatzen naiz ondoan baten batek, halako batean, ekin ziola belarrimotz, maketo eta koreano hitzak haizatzeari, eta zer esaten genuen jakin gabe ere, gauza politik ez zela hura. Irain kutsua zuen, haiek gure herrian jaioak ez zirela adierazteko marka zitala, eta haserretzen ginenean, errazkeria horretatik jotzen genuela. Eta haserreak ere ez ziren bakanak. Akordatzen naiz, ez zait bizian ahaztu, behin, eskolatik irten eta Enparan kalean gora korrika ekin geniola Diego eskola-lagunaren atzetik. Giza ehizaren itxura zuela jolas gaizto hark. Iturri-txiki ondoko zapatariarenean hartu zuela babes nire lagun Diego begi-argiak. Laguna nuen eta nik Diego! Akordatzen naiz Soreasu barren hartan bazela Vicente bat, gainerakoak ez bezala hantxe, baserritarren seme-alaben auzoan erori zena. Eta laster zela gu bezalaxe euskaraz hitz egiten. Vicente zena Bixente izan zela berehala. Oso mutil sinpatikoa izan zen beti Bixente hura.
Akordatzen naiz bi mundu izan ginela zenbait urtez: erdaldunak, eta euskaldunak. Betharramdarren ikastetxe berriko patio bukatugabean futbolean jokatu genuela behin, eta orduan ere Diego batek –beste Diego bat zen hura, ilegorria, oraindik herrian bizi dena–, sartu zidala gola, penaltia dotore eta elegante botata. Akordatzen naiz partida haren ondotik lagunago ginela euskaldunak eta erdaldunak, eta nahasteko pronto geundela. Erdaldun haiek ez zitzaizkigula harrezkero hain arrotz, arraro eta estrainio iruditu.