Emakume horien bizitzetan lore sorta horiek eragingo duten aldaketa kontatzen du filmak, eta eragin dizkien sentimenduak, ahaztuta zituztela zirudien arren. Izan ere, loreak bakarrik dira, baina sentimendu asko azaleratu ditzazke lore sorta soil batek.
Euskal Herrian ekoiztutako filma bada ere, ez da gure mugetan geratu; izan ere munduaren beste puntan hainbat zine jaialditan ikusi ahal izan da, kritikaren aldetik onarpen oso onarekin. Besteak beste, BFI London Film Festival, Zurich Film Festival, Tokyo Iternational Film Festival eta Palm Springs International Film Festival, azken honetan sari bat irabazi zuelarik.
Lehen aldiz, 2014ko Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan zen, Zinemaldiko Sekzio Ofizialean. Ordutik aurrera hainbat eta hainbat sari banaketetan ikusi ahal izan dugu, batzuetan sariak jasotzen eta besteetan zorte gutxiagorekin. Sari banaketa eta zinemaren festa guztietatik esanguratsuenak eta garrantzitsuenak Goya sariak dira agian espainiar estatuan. 2015eko sari horien 29. edizioan, Loreak film onenaren saria jasotzeko, lau sailkatuetako bat izan zen. Nahiz eta azkenik ez zuen saria irabazi, esan beharra dago, euskaraz grabatutako lehen filma izan dela sailkapen hori lortzen. Horretaz aparte, Itziar Ituño eta Itziar Aizpuru aktore onenen sarietarako nominatuak izateko hautagaien artean sartu ziren.
Pertsonalki, filmak erritmo apur bat motela zeramala iruditu zitzaidan, hasieran. Beranduago,
konturatu nintzen isilune luze horiek bazutela bere arrazoia eta pertsonaiek igarotako une eta sentimendu orok bere momentua behar zutela, eta bazutela.
Izan ere, pelikula ikusi ondoren irakurri nuen kritika batek zioen bezala, film honetan ez da ezer gertatzen baina dena gertatzen da.
'Loreak'
Zuzendariak. Jon Garaño, Jose Mari Goenaga.
Gidoia. Aitor Arregi, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga.
Aktoreak. Itziar Aizpuru, Nagore Aranburu, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea.
Iraupena. 99 minutu.
Urtea. 2014.