Azken hamar urte hauetan, parkean bakardadean irakurtzetik barrikan parte hartzera pasatu naiz; alaba hazi eta euskaldundu da; aita hil da; ama, Athletic zale amorratua bada ere, Bizkaitik at bizitzera ohitu da; lagunarekin familia berria sortu dugu; eta gero, badira beste senide batzuk, odolezkoak ez direnak, baina aita hilzorian zegoenean, tapioka zopa, edo zintzarriak, edo beraiek egindako krema ekartzen zidatenak; altzariak mugitzen laguntzeko, ohe berria etxean sartzeko edo alaba euren etxean zaintzeko prest daudenak.
Gauza asko kabitzen dira hamar urte hauetan: lagun berriak, eskolako amen taldea, etxepekoen afariak, antzerki tailerraren opariak, baratza eta baratzaren auzokideak, emakumeen brigada, gidatzeko baimena, musika eskolako jaialdiak, gitarra urdin bat, Gabonetako azokak, Zumaiako San Juan suak, saninazioetako parranda, Xoxotera igoera, parkean gau bat, Emakumeen Txokoko ikastaroak eta hitzaldiak, gazteen parodiak, gitarra kontzertuak, aldizkari honetan idazteko aukera, plazan eta zezen plazaren aurrean elkarretaratzeak, bizpahiru bilera, terrazako bazkariak, Ainhizeren aldaketak, adiskideen heriotzak, gaixotasuna, irribarreak eta malkoak.
Bakardadea zer den ere ikasi dut Azpeitian: adibidez, eskolako zuzendariak amatasun klasea eman zidan eta ama soltera sentitu nintzen egun hartan. Eta oso lagunduta ere sentitu naiz: Ainhizeren andereinoak, ni negarrez ikusita, besarkada eman zidanean, edo uholdeen ondorioz, hamasei lagun etxean azaldu zirenean hondamendia txikiagotzera...
Nahiz eta lan alienagarria egitera etorri, ez naiz galdu. Guztiz kontrakoa, beste Miren ezezagunak aurkitu ditut. Dena ez da arrosa izan, baina Ainhizek eta biok ez genukeen leku hobeagorik aurkituko.