Ni naiz Silvie

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2015ko eka. 11a, 12:26

'Ote motxeko arnasa'. Izen horixe jarri zion Inozentzio Olea legazpiarrak bere liburuetako bati. Ote motxeko arnasa, estutasunean ere bizitzen jakitea. Itxura antzean bizi, estu bada ere. Dena dela, errezeloa dut gurean ez dutela ote motxaren zentzunik batere. Entenditu ere ez lukete egingo zer esan nahi duen. Gurean larre gurian hazia dator generazio berria. 

Otorduak jarri eta eztula baino lehen dator protesta: 'Ez al dago beste jatekorik? Beti betikoa! Berdurak, berdura-purea, porrupatatak...'. Jakina, Ratatouille belaunaldia da hau, eta batere uste ez duzula esango dizute saguen Ratatouille filmean janari dastatzaile ezpata baino zorrotzagoak sukaldari gazte protagonistari bezala: 'Surprise me. Harritu nazazu!'. Gure etxeko erregina txikiak astegun buruzurian espero ez duena jartzekotan, bakailaoa pil-pilean aukera bat izan liteke, adibidez. Ez du espero ohi. Arraina jatekotan, itsasoilarra, lotxa, izokina edo halakoren bat esperoko luke. Bakailaoa pil-pilean ez beste arrainen bat betiere. Eta pentsamendu horixe buruan joan naiz dendara. Sartu eta, nik, baliente: 'Egun on, bakailaoa nahi nuke, saltsarako'.

Baliente bota dut, euskaraz suelto, Gasteizko kale gorrian bakailao denda espezializatuan. Orduantxe bai ni surprised, guztiz harrituta, dendari gazteak bueltan euskaraz ekin dionean, esan didanean, bere historia kontatzen hasi zaidanean: 'Ez dakizu zenbat estimatzen dizudan lehen hitza euskaraz egin izana!'. Nik, artean, neure buruari: 'Arao eta birao! Ni horrela natxebilek beti, bateko egun on!, besteko arratsalde on! Datorrena datorrela beti'. Eta arao eta birao! berriz, kataluniarra da dendari gazte begi-argia. Silvie omen du ponteko grazia. Sei urte daramatzala Euskal Herrian esan dit. Arin bai arin egin du bakailaoa plastikozko ontzian jarri bitartea eta ez dut galdetzeko modurik izan; alegia, zerk ekarri zuen Euskadira ez ezik, euskararen herrira. Mutil lagunaren gorabeheraren bat ez da zeharo aparte ibiliko, Gasteizen bizi arren, Silviek Zaldibarren dituelako lagunak, Bizkaiko herrian. Are gehiago, bizkaierazko doinua du berriketan ari denean. 

Badu arantzarik Silviek, guztionak ez ezik, berea, hizkuntzarekikoa. Katalunian, dena katalanez bizi zela esan dit. Eta harrituta dagoela, gurera etorri eta eskolan bertan A, B eta D ereduak zirela jabetu zenean. 'Zer da hori, ordea? Batean A, bestean B, hirugarrenean D?'. Silviek begiak urdin, begiak zabal, entenditu ezinik. Haren ezina, inork ez omen dio euskaraz egiten dendan, ez kalean, Gasteizen. Esan behar nion, baina ez diot esan, erdaldunak nola euskaldundu pentsatzen ari garela oraindik gu, euskaraz dakienak euskaraz hitz egin dezan estrategia fuerteak pentsatu beharrean. 'Ni naiz Silvie!' pentsatu dut dendatik irten dudanean. 'Ni naiz Silvie!' kontatu diet Mila eta Anttoniori Loiolan arbolapean batere uste ez nuela eta hogeitaka urte eta gero parean tokatu zaizkidanean: 'A ze suertea zuek!'.
 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide