Kepa Susperregi: "Herritarrek askatasunez aukeratu behar dute erlijioa"

Uztarria.eus 2015ko eka. 12a, 17:58

Kepa Susperregi Parrokia atarian.

Uztarria herri aldizkariaren ekaineko zenbakia Uztarria.com-en irakurgai dago jada, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 173. zenbaki horretan Kepa Susperregi parrokoari egindako elkarrizketa luzea ekarri dugu hona. Izan ere, hiru hamarkada dira Susperregi Azpeitira etorri zela, eta urteotako jarduna eta ibilbidea errepasatu ditu elkarrizketan.

Nabaritzen zaio urteak daramatzala Azpeitian bizitzen. Jada azpeitiar hizkera ere barneratuta dauka, eta berezko euskarari '-ye' batzuk eransten dizkio hitz egiten duenero.

30 urte egingo dituzu aurten Azpeitian.

Bai. Patxi Aizpitarterekin etorri nintzen. Lehen hilabeteetan kostatu zitzaigun herrira egitea. Akordatzen naiz, ostiral gauetan-eta autoa hartu eta bakoitza geure herrira joaten ginela. Irailean etorri ginen Azpeitira bizitzera, eta urri bukaeran hasi ginen mezak-eta ospatzen. Horrek lagundu zigun hankak hemen jartzen, poliki-poliki harremanak egiten eta ezagutzera ematen. Orain, gustura bizi naiz hemen. Herritar bat gehiago bezala.

Bi apaiz gazte, Azpeitira. Nolatan?

Ni apaiz egin baino urtebete lehenago, lau apaizgai elkartzen ginen bilerak egiteko. Bilera haietako batean esan nien gure etorkizunaz hitz egin beharko genuela, hurrengo urtean apaiztuko nintzelako. Setien gotzainarekin-eta harremanetan jarri ginen eta bilera ugari egin genuen. Setienek proposatu zigun Patxiri eta bioi Azpeitira bizitzera etortzea eta bertako apaiz izatea. Egun batzuk hartu genituen erabakitzeko, eta onartu egin genuen gonbita.

Apaiz laguntzaile moduan iritsi al zinen?

Azpeitira etorri ginenean, Esklabetako elizaren hasiera izan zen. Ordura arte ez zegoen martxan. Parrokiako apaiz laguntzaileak ginen, baina Esklabetakoa abian jartzea gure esku utzi zuten.

Gerora, parroko izendatu zintuzten.

Bai, 1993an. Aldaketa izan zen. Ordurako Parrokiako dinamikan sartuta geunden bai Patxi eta bai ni: katekesiko ardura genuen, gazte taldeekin ere aritzen ginen eta Sanjuandegiko hiletak ere geuk egiten genituen, Esklabetan zein Parrokian izan. Aldaketetako bat ekonomikoa izan zen, eta kezka eta ardurena bestea. Garai hartan ohitu gabe nengoen sei zeroko zenbakiekin, eta aldea izan zen parroko izendatzea. Baina ardura eta kezkak ere ekarri zizkidan izendapenak: Soreasu zinema arazoekin zebilen eta Ikastolaren zatiketa ere orduan izan zen. Gabon garai hartan, Errenteriara joan nintzen anai-arrebekin hiru bat egun pasatzera tentsioan nengoelako, eta hantxe sendatu nintzen.

Azpeitira iristean, nolako herria aurkitu zenuten?

Garai hartan ere bazen langabezia herrian. Sanjuandegiko tabernen atarietan-eta jendea egoten zen, lana falta zuelako. Bestalde, herri euskalduna aurkitu genuen, nahiz eta etxerako traste guztiekin Sanjuandegira iritsi ginen egunean, oso giro erdalduna somatu genuen tabernetan.

Apaiz gazteak izanda, ordura arteko Elizaren eta herritarren arteko harremanetan aldaketak ekarri zenituzten zuek.

Enparan kaleko AEK euskaltegira joaten ginen, futbol eta saskibaloi txapelketetan ibili ginen, Sanjuandegiko festa batzordean ere sartu ginen... Garai hartan, Txema Auzmendi eta Jesus Mari Arrue jesuitak ere Azpeitian ziren, eta haiek gazteekin harremana izan zuten. Aldiz, Parrokian zeuden apaizek urte mordoa kentzen ziguten. Gu saiatu ginen beste inguru batzuetan murgiltzen, jendearekin harremantzeko. Sanjuandegiko pisu batean jarri ginen bizitzen, Esklabetan bizitzea eskaini baziguten ere. Nahiago genuen auzoan bizitzea.

Hiru hamarkada daramatzazu hemen. Zer bilakaera izan du Elizak Azpeitian?

Aldaketak izan dira. Gizartean izan direnen antzekoak. Datuak emateagatik: 1986an 247 lehenengo jaunartze izan ziren, eta orain 100-110 haur inguru izaten dira Parrokian, Urrestilla-eta aparte utzita. Bataioetan ere halakoa da errealitatea. Beheraka doa. Azpeitira etorri ginen urtean 18-20 urte bitarteko 80 bat azpeitiar eta azkoitiar gazte elkartzen ziren Elizaren bueltan. Egun sendotzara etortzen diren gazteak askoz gutxiago dira. Bestalde, lehenengo urte haietan, Esklabetako elizan bi meza izaten ziren,11:00etan gaztelaniaz eta euskaraz 12:00etan, eta elizak gainezka egiten zuen bigarrengoan. Sorpresa izan zen, ez genuen halako jendetzarik espero eta. Alde horretatik, beherakada izan da. Oraindik ere zenbait elizkizun berezitan, hiletetan esaterako, leporaino betetzen da parrokia.

Apaizen erreleborako gabezia agerikoa da.

Bai, erreleboa behar da. Mikel Aranguren azpeitiarra irailaren 13an apaiztuko da, Donostian. Astebetera-edo emango du lehen meza herrian. Jon Cuadrado herritarra ere seminarioan ikasten ari da. Mediku batek beste bati esandako honek grazia egin zidan: "Gazteak apaiztu behar ditiagu, jendeari entzuteko jendea behar diagu-eta hemen inguruan". Beharra dago, baina ziurrenik, apaizen faltan, beste ardura bide batzuk zabalduko dira.

Sekularrak hasi omen dira hemen inguruan, ezta?

Esperientzia horrek urteak daramatza Gipuzkoan. Setienen garaitik martxan dira sekularrak. Azken bi urteotan, igande batzuetan Nuarben, Matxinbentan eta Urrestillan ere eman izan du meza sekular batek. Aurten Txalintxoko eta Xoxoteko egunetan ere sekularrak eman ditu mezak. Bideak ireki beharra daukagu. Ez gara iritsiko igandeetan toki guztietan egotera, eta beste pertsona batzuk behar ditugu.

Eta, osasuntsu al dago Azpeitiko Parrokia?

Uneotan hainbat talde ari da lanean Parrokiaren bueltan, herrian. Sasoiko jendea edo gaztexeagoa gerturatzea nahiko genuke. Erreleboaren kontua hor dago, eta klabea izango da. Dena den, jende mordoxka elkartzen gara, eta horiei benetan eskertu behar zaie egiten duten lana.

Askori Eliza urruneko erakundea iruditzen zaio.

Ikusi beharko litzateke zer arrazoi dauden horretarako. Giroagatik izan daiteke, edo Elizak berak eta gure burua kristautzat dugunok ditugun kontraesanengatik. Jendea uxatu eta urrundu egiten da horrela. Beste kontu bat da sinismena. Kristautasunak plazaratzen duen Jainkoarenganako sinismena eta Jesusen inguruan egiten ditugun planteamenduak jende askori sinesgaitz edo ulergaitz zaizkio. Maila desberdinetako faktore desberdinak daude, beraz. Geure burua sinisduntzat dugunok hala aitortzen dugu, zerbait ona aurkitzen dugulako. Gustatuko litzaiguke besteentzat ere hala izatea, baina... Zenbait pertsonak ez du kezka edo galderarik gai horren inguruan.

Elizbarrutian egin al da gazteengana iristeko hausnarketarik edo saiakerarik?

Egin dira eta egiten dira saiakerak eta ahaleginak. Nik 58 urte ditut, eta orain 17-18 dituztenentzat zaharra naiz. Koadrila batekin egon naiteke, baina ez da hain erraza. Futbolean ibiltzen nintzenean, txapelketak bukatzean afaria egiten genuen eta haietako baten ostean, kalera atera ginen. Elurra tabernara joan nintzen taldeko lagunekin, eta handik bi astera esan zidan katekista batek: 'Lehengo larunbatean Elurran omen zinen. Alabak esan dit: Zer egiten zuen Kepak Elurran ordu haietan?'. Garai hartan harridura sortzen bazuen nire presentziak tabernan, imajinatu orain. Ahaleginak egiten dira, baina ezjakintasuna dugu. Ez dugu asmatzen. Gazteak behar ditugu gaztez osatutako taldea martxan jartzeko. Geu gazteak ginenean errazagoa zen. Pentsa, garai hartan Elizako taldekide zen eta ni baino hamar urte gutxiago dituen batek honakoa esan zidan orain gutxi: 'Zuek garai hartan guretzat pertsona helduak zineten. Orain gertuago ikusten zaitut'. Gogoa eta asmoak badaude, ahaleginak eta saiakerak egiten dira, eta zenbait ingurutan asmatzen da. Baina erantzuna banakakoa da eta ez kolektiboa.

Gipuzkoako hiru apezpiku ezagutu dituzu apaiz zarenetik. Zer azpimarratuko zenuke bakoitzaren jardunetik?

Setienena garai indartsua izan zen apaiz kopuruz eta haien sasoiari erreparatuz gero. Uneotan 65 urtetik beherakoak ez gara 50era iristen Gipuzkoan. Uriarterena ahulagoa izan zen, eta orain are ahulagoa da. Horrek asko markatzen du gure egoera. Bestalde, nortasun ezberdineko gotzainak dira hirurak. Horrek ere bere eragina du. Gure elizbarrutian Setienekin oso gustura zegoen jende asko, eta gustura ez zeudenak ere baziren. Uriarterekin ere berdin. Munillarekin, berriz, antzerakoa da, baina alderantziz. Setienekin hain gustura ez zeudenak gustura daude honekin, eta alderantziz. Apaizok desberdintasunak ditugu, eta urte hauetan gizarteko egoera aldatu egin da, politikoki eta. Gogorkeriaren fenomenoa oso bortitza zen eta eragin handia zuen Setienen garaian, eta orain bestelakoa da egoera. Kanpoko eta barruko faktoreek eragina dute egunerokoan. Gure eliza ahultzen ari da apaiz aldetik. Uneotan Munilla da gotzaina eta horrek eragina du.

Behin baino gehiago harrotu dituzte hautsak Munillaren esanek.

Setienek ere harrotzen zituen hautsak. Abuztuaren 1eko elizkizunaren ostean, Setienen esanen zain izaten ziren kazetariak. Munillak ere utzi izan ditu esanak. Iaz erabakitzeko eskubidearen inguruko aipamenak egin zituen, eta duela hiruzpalau urte hezkuntzaren kalitateaz jardun zuen. Jaso zituen kritikak, baita elizbarrutiko pertsonenak ere.

Gai horietan publikoki sartu behar al du apaizak?

Gizarteak bizi dituen arazoen aurrean iritzia eskaintzea bidezkoa da. Beste gotzain bati entzun izan diot, 'dinamika horretan sartzen bazara, gero kritikak jasotzeko prest egon behar duzu'. Arrazoia du. Herritar bezala, zure iritzia eman zenezake, baina beste gauza bat da iritzi politiko jakin bat bultzatzea pulpitotik. Setienek ere bere iritziak zabaldu izan zituen Euskal Herriko egoeraz, Uriartek ere bai bakegintzaz, eta uste dut bidezkoa dela. Neurria izan eta prest egon behar du, elkarrizketa horretan sartu denez, kritikak entzuteko, ez daukazu-eta azken hitza.

Uneotan nolakoa da Gipuzkoako elizbarrutiaren egoera? Izan ere, Munillaren izendapena salatu zenuten zenbait apaizek...

Publikoki azaldu izan da, eta zatiketa badago. Denok ez gara iritzi berekoak. Gizartean ere ez gara denok iritzi berekoak. Bailarako artziprestea naiz eta elkartzen gara gotzain nagusiarekin eta. Maila horretan elkarlanerako bide batzuk badaude, baina iritziak kontrajarriak dira. Munilla gotzain izendatzean agertu zen giroa hor dago, eta ez da aldatu.

Diotenez, aita santu berriak diskurtso aldaketa izan du.

Itxaropen giroa sortu eta arnas berria ekarri du. Eliza munduan zabalduta dagoen 'mastodonte' handi bat da. Uriartek esan omen zuen: 'Parece que ha nevado en las cumbres, pero hace falta que llegue la nieve a los valles'. Ba, horixe. Sortu den itxaropenak eliza zabalera iritsi behar du eta denbora beharko da. Beste batzuek diote makala dela erabakietan. Ikusi egin beharko da.

Mundua anitza da erlijioari dagokionez. Nolakoa behar luke erlijio desberdinen arteko harremanak?

Bidezkoa da erlijio desberdinak izatea, eta tolerantzia eta errespetua behar da horien artean. Ahal bada, elkarrizketa bideak urratu beharra dago. Inpresioa daukat, hemen tolerantziarena eta irekitasunaren kultura dugula. Sortzen dira gatazkak, baina...

Begira Azkoitian meskitarekin...

Ez dakit zenbateraino den erlijio kontua edo zer den. Herritar bati telebistan entzun nion aparkalekuak zirela arazoaren muina. Ez dut gertutik segitu gaia, eta ez dakit. Dena den, kontuz ibili beharra dago halako gaiekin. Eliz ikuspegitik askatasun erlijiosoaren planteamendua egiten da. Herritarrek askatasunez aukeratu behar dute erlijioa. Inori ez zaio inposatu behar, eta inork ez du inposatu behar. Datozen urteetan zabalduko da fenomeno hau, lurralde desberdinetako herritarren etorrerarekin eta. Elkarbizitzen asmatu beharko dugu.

Noizko emakumea apaiz?

Bada pelikula bat, Felinirena, "el futuro es mujer" esaten zuena. Etorkizuna ez, oraina ere emakumea da Elizan. Apaizgintzan aritzen ez zaio uzten, baina gaur bertan sinatuko nuke baietza. Parte-hartzeari dagokionez, emakumea gehiengoa da Elizan. Gizon erlijioso eta misiolari bakoitzeko, ez dakit zenbat emakume dagoen. Dena den, Elizako goi arduretan ez dago emakumerik eta zintzilik dugu gaia. Emakumeen elkarte erlijiosoek indar handia dute eliz bizitzan; baina erakundean, oraindik, ez dago parekidetasunik. Ardura berdinetan egon behar dute gizonek eta emakumeek. Eta, egunen batean, aita santuak ere emakume izan beharko du. Asko geundeke horren alde, baina kostatuko da. Nik ez dut halakorik biziko, baina halakoak gaur hobe, bihar baino.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide