Baliteke horrela haurra isilaraztea, baina ez da ziurra, besterik gabe, haren jakin-mina asetzea. Esango nuke heldua bera ere, jakin plantak egin arren, ez zela esandakoarekin oso lasai geratzen. Haurrak malezia gehixeago izango balu, galdetzen jarrai zezakeen: "Eta inork egin gabeko Jainkoa existitzen bada, zergatik ez litzateke existituko inork egin gabeko mundua, mundu infinitu eta eternoa?". Kostako litzaioke helduari galdera horri erantzutea.
Gaur badakigu noiz jaio ziren 'jainkoak' eta noiz 'Jainko' bakarra. Badakigu nork egin zituzten. 'Jainkoak' Mesopotamian sortu ziren duela 5.000 urte. 'Jaun goiko' bakarra, berriz, Pertsian sortu zen, duela hiru mila urte, Zoroastroren burutik. Eta duela 2.500 urte lortu zuen gaurko irudia, Biblia, juduei esker. 'Jainkoa' esatean pentsatzen nahiz irudikatzen dugun guztia gizakion ideia eta irudimena da. Noski. Hor ez dira, ordea, galderak amaitzen, Errealitate Esanezinaren izena besterik ez baita 'Jainkoa'.
Mundua Big Bang edo hasierako eztanda erraldoi batetik sortua dela ikasten dute gaurko haurrek, galderak egiten hasi orduko. Eta oso ondo deritzat. Hala behar du. Harrituko nintzateke, ordea, erantzun horrekin haurrak eta gazteak aseta geratuko balira; Big Bang-aren teoriarekin galderak agortzea, agortzen badira… Ez, hor ere ez dira galderak amaitzen. Esate baterako: zergatik sortu zen Big Bang-a? Den guztia zergatik da, zer da?
Izen eta irudi guztiez haratago, izaki guztien Izateari deitzen diot ‘Jainkoa’. Zuk nahi duzun bezala deitu, edo ez deitu. Baina bada. Badena Bada.
Ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da hau.