Joan den maiatzetik aurrera harro esan dezakegu euskara ikerkuntza zientifikoaren munduan ere sasoiko dagoela. Eta ez da makala! Kontu egin ikerkuntzaren munduan ingelesa dela hizkuntza garrantzitsuena eta guztiz dominatzailea. Ikertzaile batek bere lanak argitaratu nahi baditu, kongresu eta aldizkari zientifikoetara jo behar du. Bere zabalkundea kongresu edo aldizkari horien kalitatearen araberakoa izango da. Bada kongresu eta aldizkari onenak ingelesez argitaratzen dira.
Gaur egun, ikerkuntzaren munduan lehiakortasun ikaragarria dugu. Beraz, diru-laguntzak lortzeko eta proiektu erakargarrietan sartzeko, kalitatezko lanak argitaratu behar dira. Gainera, lehiakortasuna gutxi ez, eta ikerkuntzaren nazioartekotasuna ere hor dago. Emaitza onak lortzeko, ezagutza berria sortzeko, behar-beharrezkoa da munduan zehar egiten den lana ongi ezagutzea eta beste herrialdeetako ikertzaileekin ondoz-ondo lan egitea. Ondorioz, ikertzaileok ingelesa darabilgu gure eguneroko lanean. Horregatik diot euskara bezalako hizkuntza batek, hain hiztun gutxi dituen hizkuntza batek, oso zaila duela ikerkuntza bezalako mundu batean lekua egitea.
Ikuspegi horretatik, maiatzaren 14tik 16ra bitartean ospatu zen IkerGazte kongresuaren arrakasta oso pozgarria izan zen. Durangon, Landako Gunean, urtero Durangoko liburu azoka ospetsua egiten den leku berean, ehunka ikertzaile bildu ginen gure lanak partekatzeko eta eztabaidatzeko. Euskaraz. Gure hizkuntzan. Han aurkeztutako lan guztiak argitaratu ditu jada Udako Euskal Unibertsitateak sarean, euskarari bizi pixka bat gehiago emanez. Gure bizitzaren beste esparru batean pisua irabaziz. Kongresuaren amaieran, berri ezin hobea eman ziguten, gainera: bi urtez behin IkerGazteren edizio bat ospatuko dela Euskal Herriko lekuren batean. Hau da, esfortzuak aurrera jarraitzen duela!