Zaila dauka egunkari nazionalak

Iban Arregi (Berria Taldeko kontseilari ordezkaria) 2015ko uzt. 15a, 17:50

Egunotan jakin dugu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskal hedabideei ematen dizkien diru laguntzen ebazpena, eta iazkoa berretsi da: apenas izan den aldaketarik laguntzak ebazteko irizpideetan, nahiz eta Hekimen euskal hedabideen elkarteak behin eta berriz irizpideok berrikusteko eskatu Jaurlaritzari. Eta iazkoa esan beharrean gaude berriro: diru laguntza politika honek Berria eta, oro har, sektorea babesgabe uzten du, proiektua garatzeko eta berritzeko, iraupenerako hain garrantzitsua den berritze prozesua aurrera eramateko muga handiekin. Iazko %15eko laguntza jaitsiera eta gero, aurten oraindik eta gutxiago jasoko du Berria-k (bere aurrekontua igo arren). Ezin balorazio positiborik egin, beraz.

Ez naiz puntuazio sistema xehatzen hasiko, ez zait iruditzen garrantzitsuena hori denik; garrantzitsuena da aurrera begirako perspektiba estrategikoarekin aztertzea auzia. Baina balio bezate bi adibidek puntuazio sistema azaletik azaltzeko, ikusteko zeinen zail daukan egunkari nazional batek Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak diseinatu duen laguntza politika honetan. Aurreneko adibidea: bakoitzak bere eragin eremuan duen irismenaren arabera, 100dik 60 puntu banatzen ditu ebazpen honek, eta, zenbat eta eremu zabalagoan eta erdaldunagoan aritu, orduan eta zailagoa da puntuak batzea; zenbat eta eremu zabalagoan eta erdaldunagoan aritu, orduan eta zailagoa delako publiko potentziala/irakurleak ekuazio ona lortzea. Horrenbestez, gaur egun, Berria-k puntuazio handiagoa lortuko zukeen Gipuzkoako egunkaria izanda egunkari nazionala izanda baino. Areago, maiztasuna kontuan hartzen ez denez, gaur egun Berria-k puntuazio handiagoa lortuko zukeen, bakoitzak bere eragin eremuan duen irismenari dagokionez, Gipuzkoarako astekari bat eginda egunkari nazionala eginda baino.

Bigarren adibidea: irismenari dagokionez, berez, jada 10 puntu lortzen ditu Berria-k, nazionala delako; baina probintzia bateko produktu batek 8 puntu lortzen ditu, edo eskualde batekoak 6... Proportzionala den edo ez baloratzeko, ikusi, adibidez, Bikain ziurtagiria edukitzea 5 punturekin saritu duela ebazpen honetan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Alegia, Eusko Jaurlaritzaren puntuazio sistemaren arabera gehiago balio du Bikain ziurtagiria edukitzeak nazioko proiektu bat egiteak baino (eskualde edo probintziakoa egin beharrean, esan nahi da).

Adibideak dira horiek, erakusten dutenak zeinen zaila duen egunkari nazionalak puntuazio sistema honekin. Baina ez gaitezen ekibokatu; perspektiba estrategikoa behar dugu, epe luzerako begirada. Benetan pentsatzen bada sektore hau eta sektore hau osatzen dugun proiektu bakoitza ezinbestekoa dela, ezinbestekoa hizkuntza normalizazioaren ikuspegitik edo herri ikuspegitik, ezinbestekotasun horri erantzun egin behar zaio lehenik eta behin, eta diru laguntzen bidez (ere) sektore honen egonkortasuna lortu, elkarren arteko lehia bultzatu beharrean; Berria ez delako tokiko hedabideen lehiakide. Ekosistema osoa babestuko duen laguntza politikaz ari gara.

Eta behin hori bermatuta, behar-beharrezkoa da, herri hau eta sektore hau garatzen segituko badugu, sektorearen, Administrazioaren eta arloaren gaineko ezagutza akademikoa duten eragileen artean gogoeta sakona egitea, hausnarketa egitea eta aztertzea nola garatuko dugun euskal esparru komunikatiboa, nola egingo ditugun gero eta eraginkorrago euskal hedabideak (gure arteko komunikazioa euskaraz bermatzen duten tresna horiek), nola sortuko proiektu berriak, nola sortuko tresna berriak egoera komunikatibo berriei erantzuteko. Horrek denak behar duen inbertsio ekonomikoarekin. Hekimen elkartearen barruan ari gara horretara begira lanean; ea alde denok lortzen dugun, egoeraren larritasunaren jabe izanik, perspektiba zabaltzea eta benetan garrantzitsua den eztabaidari erantzun egokia ematea.

(Berria-n argitaratua, 2015eko uztailaren 15ean)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide