Nicolasen osasun arazoak direla eta hartu da izendapena astebete atzeratzeko erabakia. Beraz, uztailaren 26an, 18:30ean izango da Sanagustin kulturgunean. Hirugarren ohorezko bazkidea izango da Kaito, Imanol Elias historiagilearekin eta Manolo Sanjuan tailagilearekin batera. Bertara etortzeko gonbitea luzatu nahi dizue Azpeitiko Kultur Mahaiak herritar denoi.
Nicolas Oteiza Leceta Kaito-ren bizitzako zenbait zertzelada:
- 1943ko urriaren 7an jaio zen Azpeitian.
- 1959an Legazpiko Banco de Vizcayan hasi zen lanean. 1977ko otsailera arte jardun zuen bertan.
- 1977ko martxoan argazkilari bezala hasi zen lanean Azpeitian, bere aitaren dendan. Egun udaltzaingoa dagoen tokian zegoen orduko denda.
- 1980ko abenduan frontoi txiki aurreko denda berrian hasi zen lanean. 1996ko martxora arte egon zen bertan.
- 1985eko abenduan hasi zen lehenengo bideo grabaketak egiten.
- 1986an telebista moduko bat jarri zuen martxan bere etxetik inguruko etxeetarako.
- 1990ean Ezkerretegitik hasi zen emititzen, herritar gehiagok ikusteko aukerarekin.
- 1992an Azkoitiko Itxosta baserria bihurtu zen emisio gunea. Honek Azkoitia eta Azpeitia osorako emititzea ahalbidetu zion.
- 1996tik 2000. urtera arte Hondarbide gaineko bere etxean eduki zuen telebista Kaitok. Urte horretan, osasun arazoak tarteko, bere seme Urtzik hartu zion erreleboa Nicolasi.