'Kaito' Kultur Mahaiko ohorezko bazkide izendatuko dute igande honetan

Nicolas Oteiza Kaito, Azpeitiko Kultur Mahaiko ohorezko bazkide izendatuko dute igande honetan, uztailak 26. Sanagustin kulturgunean izango da izendapena, 18:30etan hasita. Kultur Mahaiko hirugarren ohorezko bazkidea izango da Kaito, Elias eta Sanjuanen ondotik. Uztailaren 19an ziren izendatzekoak, baino bere osasun arazoak tarteko, igande honetara atzeratu zen ekitaldia. Bertara etortzeko gonbitea luzatu nahi die Azpeitiko Kultur Mahaiak herritar guztiei.

Herriko kultur taldeek, udal taldeek, kultur teknikariek, norbanakoek eta Sanagustineko zuzendaritzako kideek osatzen dute Kultur Mahaia. Kulturaren alde egindako lana aitortu nahi du ohorezko bazkidearen izendapenarekin, eta azpeitiarrak edo Azpeitian bizi diren lagunak hartzen ditu aintzat horretarakoImanol Elias historiagilea eta Manolo Sanjuan tailagilea izan dira orain arte izendatuk, hirugarren ohorezko bazkidea izango da beraz Kaito hauekin batera.

Nicolas Oteiza Leceta Kaito-ren bizitzako zenbait zertzelada:

  • 1943ko urriaren 7an jaio zen Azpeitian.
  • 1959an Legazpiko Banco de Vizcayan hasi zen lanean. 1977ko otsailera arte jardun zuen bertan.
  • 1977ko martxoan argazkilari bezala hasi zen lanean Azpeitian, bere aitaren dendan. Egun udaltzaingoa dagoen tokian zegoen orduko denda.
  • 1980ko abenduan frontoi txiki aurreko denda berrian hasi zen lanean. 1996ko martxora arte egon zen bertan.
  • 1985eko abenduan hasi zen lehenengo bideo grabaketak egiten.
  • 1986an telebista moduko bat jarri zuen martxan bere etxetik inguruko etxeetarako.
  • 1990ean Ezkerretegitik hasi zen emititzen, herritar gehiagok ikusteko aukerarekin.
  • 1992an Azkoitiko Itxosta baserria bihurtu zen emisio gunea. Honek Azkoitia eta Azpeitia osorako emititzea ahalbidetu zion.
  • 1996tik 2000. urtera arte Hondarbide gaineko bere etxean eduki zuen telebista Kaitok. Urte horretan, osasun arazoak tarteko, bere seme Urtzik hartu zion erreleboa Nicolasi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide