Oihana Odriozola: "Esperientziak harrapatu egin nau"

Uztarria.eus 2015ko ira. 10a, 21:09

Oihana Odriozola (ezkerretik bigarrena, zinta zuriarekin) estropada batean, Getaria-Zarautzeko traineruan.

Itsaso Aramendiri beste azpeitiar bat gehitu zaio aurten emakumeen arraun munduan. Getaria-Zarautzen aritu da Odriozola eta gustatuko litzaioke datorren sasoian ere han jarraitzea, "ea dena uztartzeko modua egiten dudan". Bere ilusioa, Kontxarako sailkatzea.

Oihana Odriozolak (Azpeitia, 1988) aspalditik zuen gogoa bete ahal izan du aurten: arraunean probatzea. Urteetan Lagun Onaken futbolean jokatu ondoren, Getaria-Zarautz taldean ibili da, eta esperientziarekin oso pozik dago. "Azpeitiko neskak animatu nahi nituzke aproba egitera. Arrauna oso gogorra da, bai, baina baita oso esker onekoa ere", esan dio, besteak beste, Uztarriari.

Nolatan eta zergatik arrauna?

Beti gustatu izan zait, eta beti izan dut probatzeko gogoa. Oso kirol konpletoa iruditzen zait, taldean aritzen zara eta denetik eskatzen dizu: teknika, indarra, fisikoa... Baina Azpeitiak ez dauka edo ez du izan ia harremanik arraun munduarekin, eta orain dela hamar urte oraindik gutxiago. Orain hasi dira batzuk. Adibidez, badakit Azkoititik hasi direla mutil batzuk Zumaian... baina orokorrean ez da batere joerarik egon. Horrela, bere garaian ez nuen aukerarik izan. Gero, unibertsitateko klasekide bat getariarra zen, eta haren koadrilakoa entrenatzailea. Lagun haren bidez jakin nuen jendea falta zutela taldea osatzeko. Probatzea nahi al nuen esan zidaten eta animatu egin nintzen. Joan den urte amaieran izan zen hori, taldea azarotik lanean ari zen, eta ni urtarrilean sartu nintzen.

Kirol oso gogorra izatearen fama du arraunak. Hala al da?

Bai, hala da. Ni futbolean ibilitakoa naiz eta ez daukate zerikusirik. Nire ustez, arraunak askoz gehiago eskatzen dizu. Azken finean, hamaika minututan dena eman beharra daukazu. Ezin duzu 'orain makalago joango naiz' edo 'orain lasaitu egingo naiz' pentsatzerik, hasi eta bukatu arte fisikoki dena eman behar duzu. Entrenamenduak ere, astean egun batean ezik egunero izaten ditugu, eta alde horretatik bai dela lotua. Azaro erditik martxora arte saio gehienak gimnasioan egiten ditugu, lan fisikoa eginez, giharrak prestatzeko. Neguan, normalean asteburuetan bakarrik irteten gara itsasora.

Denboraldia bukatuta, zer balantze egiten duzu, taldearena eta pertsonala?

Taldearen lana oso ona izan dela uste dut. Asko kostatu zitzaigun taldea osatzea, jende gazte eta berri asko daukagu, beste taldeekin alderatuta. Adibidez, ni eta beste bat aurten hasi gara eta ia estropada denak jokatu ditugu, beste inon ez dena gertatzen; normalean berriak lehorrean gelditzen dira, eta kito. Taldea osatzeko oso justu ibili gara. Pertsonalki, berriz, esperientziak harrapatu egin nau, arraunak asko engantxatzen du. Jende berria, taldean oso-oso giro ona dago... ez dakit, oso ondo ibili naiz.

Datorren denboraldian errepikatzeko asmoarekin, beraz?

Nahi dut, baina ikusi egin behar. Lana, oposaketak ere badauzkat... ea dena uztartzeko modua egiten dudan.

Kontxako sailkapen estropadarekin bukatu zitzaizuen denboraldia. Igandean erabakiko da bandera preziatua. Nola ikusten duzu lehia?

Nesketan oso parekatuta dago. Zumaia eta San Juan daude hortxe, pare-parean, eta uste dut horietako batek eramango duela.

Zumaiako taldean beste azpeitiar bat ari da, Itsaso Aramendi. Ba al duzue harremanik?

Estropada batean ikusi genuen elkar aurrenekoz. Nik ez nuen ezagutzen, ni baino bizpahiru urte zaharragoa da. Bera etorri zitzaidan, "zu azpeitiarra zara" esanez, eta horrelaxe hasi ginen kontu kontari. Oso jatorra da. Badu meritua, hark!

Datorren urtean jarraitzeko modua egiten baduzu, zein izango da zuretzat helburu nagusia, aurten lortu ez duzuen Kontxarako finalera sailkatzea, agian?

Bai. Aurten hamaika talde ari gara sailkatzeko lehian, eta lau bakarrik pasatzen ziren finalera. Datorren urteari begira, ordea, antolatzaileek erabaki dute emakumeen finalera ere zortzi talde sartzea, mutiletan gertatzen den bezala. Aurten seigarren gelditu gara eta, martxa horri eutsiz gero, aukerak baditugu datorren urterako. Ilusio horrekin ariko gara, behintzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide