Oraindik gogoan dut lehenengo estelada hura. Iker lagunaren enkargua eraman nuen hasierako bidaia haietako batetan: "Herrialde Katalanetako bandera bat ekarri behar didak, baina independentista, izarduna". Kostatu zitzaidan. Azkenean Ranbletan edadeko andrazko bat aurkitu nuen Paisos Catalans-etako merchandising osoa zuena mahaitxo baten gainean. Bi erosi nizkion, bat Ikerrentzat eta bestea neuretzat. Gogoan daukat euskaldunon independentzia laster ote zen nola galdetu zidan. Ibarretxeren garaiak ziren. Irriz hartuko nuen.
Jota eta ma eginda utzi nau azken txango honetan bandera izardunaren presentzia FC Barcelonaren ikurren mailan ikusteak. Rambletako souvenir saltoki guztiak banderatxoz gainezka topatu ditugu. Kamisetak, pinak, gorroak... Independentziaren aldarria cool-a bihurtu da, nonbait, turistentzako amua. Messiren izena eta irudia eta estelada izango dira hirian gehien ikusten direnak.
Uxue eta Gerard Bartzelonako lagunekin egin genuen bat Diada egunean. Besarkadak, musuak. Denbora zen ez ginela elkarrekin egoten. Bagenuen procés-a nola bizi duten jakiteko gogoa; eurekin bizitzeko garai berezi honetako une bat sikiera. Eta jakina, esteladak zekartzaten: bat handia Beñat semearen ume-kotxetik zintzilik, txikiagoa bestea 3 urteko Malen alabak eskuan hartuta.
Borne-n pizza batzuk jan eta garaiz hurbildu ginen Meridianara. Jendearen emanean tanta soil izan ginen! Independentzia oihuak, viscak! eta lliureak! erruz. Eta neurri guztietako esteladak zabal: haize finean izarren konstelazio oso bat saltari.
Eta halako batean, nahi gabe bezala, Gerardi galdetu egin nion esteladaren nondik-norakoaz: noiztik den katalanen independentzia grinaren ikur, zergatik diren izar batzuk zuri, besteak gorri…, historiako zein sustrairi lotzen zaion…
"Oraindik ez al haiz ohartu?" egin didate haren begi zimurrek. "Ez dut uste hain zaharra denik, ehun urte pasatxo uste dut... Ez dakit zergatik diren diferenteak, baina hori da gutxienekoa".
Ez zegoen esan gabe egoteko: "Etorkizuneko bandera da, zuztarrak gero hurbil horretan ditu errotuak, eta ez auskaloko aspaldian. Ez da nire arbasoen bandera nire seme-alabena baizik. Batez ere gertatzen ari direnak, gertatzear daudenak dira esteladaren haizea". Etxera wathsapez bidalitako Diadako argazkien erantzuna iritsi zait: "Borda, Nafarroako bandera eraman behar huen eta ez ikurriña. Euskaldunak aske izan ginen garai bakarrean Nafarroako bandera zuan gurea", eman dit errieta kuadrillako lagun batek. Ez diot erantzun baina etorri zait gaurkoz ikurriña dudala bere zabalean maiteago, baina agian ez litzatekeela kalteko izango guk ere bandera berri bat asmatuko bagenu independentziarako.
(Urola Kostako Hitza-n argitaratua, 2015eko irailaren 17an)