Nondik sortu zaizue Zinemaldira joateko aukera?
Unibertsitatetik bideratuta 3. eta 4. mailako ikasleoi, e-posta baten bidez, izena emateko aukera ematen digute. Joan den urtean ez genuen lortu, baina aurtengoan baiezkoa eman ziguten.
Zer egin duzue zehazki Zinemaldian?
Gazteriaren epaimahaiko kide izan gara. Bertan EZAE (Euskadiko Zine Aretoen Elkartea) saria ematen da. Guztira, 22 film lehiatzen dira sari hori lortzeko, Horizontes Latinos sailekoak eta Zuzendari Berriak sailekoak. Film bakoitzaren amaieran 1etik 10erako botoa ematen genuen.
Nolako garrantzia du euskal zineak Zinemaldian?
Zuzendari Berriak sailean, britaniar batek zuzendutako euskaraz egindako film bat ikusteko aukera izan dugu, Pikadero. Horrez gain, Zinemaldiko beste sailetan, Amama filmaren eta Aitaren Etxea telesailaren estreinaldia ikusteko aukera egon da. Baina Zuzendari Berriak sailean euskarazko film gehiago egotea polita izango zela iruditzen zaigu.
Ikusmin handia sortu du Amama filmak. Izan duzue ikusteko aukerarik?
Ez zoritxarrez ez dugu ikusteko aukerarik izan. Izan ere, gure saileko filmen ordutegiarekin bat egiten zuen. Hala ere, kritika ugari entzun ditugu, eta guztiak oso onak izan dira. Beraz, ikusteko irrikatan gaude.
Zer azpimarratuko zenukete ikusitakotik?
Bi sailetan gauza bera gertatu zaigu deigarri. Ikusitako ia film guztietan, egungo gazteriaren egoera jorratzen da gai nagusi bezala: drogak, sexua, erasoak, kaleko bizitza... Noski beste gai ugari ere landu direla, baina askok gizarteko egoerarekin izan dute lotura zuzena.
Nolako esperientzia bizi izan duzue?
Oso esperientzia polita eta aberasgarria izan da. Horren denbora gutxian 22 film ikusteak nekea ere ekarri digun arren, guztietatik ikasi dugu zerbait. Benetan esperientzia bezala oso gomendagarria da.