Etzi, zapatua, hasiko dira XXXIII. Euskal Antzerki Topaketak, Antzerkizale Egunarekin. Egun osoko egitaraua izango da zapatuan. 12:00etan Oholtzaberri proiektua aurkeztuko dute Soreasu antzokian, eta 16:30ean Azpeitiko pailazoek eskainita, Mitologiaz ahaztu al gara? lana ikusi ahal izango da kulturgunean bertan. Gauean, berriz, Antzerkizale Gala izango da Soreasu antzokian, 21:00etan hasita. Bertan, "sorpresa ugari" izango dela aurreratu dute, eta Pedro Otaegi azpeitiar aktoreak omenaldia jasoko du, antzerki munduan egin duen lanagatik.
Aurtengo topaketak lau asteburutan izango dira, eta mota guztietako antzezlanak eta obrak ikusi ahal izango dira. Besteak beste, antzerki alternatiboaz, bi estreinaldiz, haurrentzako eta helduentzako antzezlanez, ikasleei zuzendutako antzerkiez, III. Antzerki Eskolen Egunaz eta operaz gozatzeko parada izango da datozen asteetan. Horrez gain, Corrado Masacci-ren Igelen Itxuraldaketa eta azken kreazioak izeneko erakusketa izango da azaroaren 2tik 15era, Betharram aretoan. Astegunetan 18:00etatik 20:00etara izango da zabalik, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara bitartean.
Gaur aurkeztu dituzte Topaketak udaletxean eta bertan izan dira Josu Labaka eta Ainara Larrañaga zinegotziak, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko Eñaut Gantxegi, topaketetan estreinatuko den Eskutitzak obraren sortzaile Itziar Elias, emakumeen eta gaztetxoen Azpeitiko Antzerki Eskolako irakasle Alaitz Olaizola, Mozkorra parregarri operako partaide Marije Ugalde, Zestoako Interpretazio Eskolako zuzendari Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola aktorea, Sanagustin kulturguneko ordezkari Aitor Bengoetxea eta topaketetako kartelaren egile Eguzkiñe Egaña. Denek ala denek goraipatu dute hainbeste urtez Azpeitian, euskara hutsean, egiten diren topaketak, eta esker hitzak izan dituzte antolatzaileentzat. Josu Labaka Udaleko Kultura zinegotziak azaldu duenez, topaketak "erreferenteak" dira eta garrantzitsua da hainbat eragilek antolaketarako izaten duten elkarlana.
Azpeitiko emakumeen emanaldia
Urteroko gisan Azpeitiko Emakumeen Antzerki tailerrekoek emanaldia eskainiko dute Soreasu antzokian. Azaroaren 14an izango da Punto ta punto ikusteko aukera, 21:30ean hasita. helduei zuzendutako obra Alaitz Olaizolak idatzitakoa da, eta berak egin ditu irakasle lanak ere. Olaizolak azaldu duenez, hamabi urte daramatza martxan Azpeitiko emakumeen antzerki tailerrak, eta obra hau "berezia" da, "beste modu batera" egin dituztelako prestaketa lanak: "Hori antzeman egingo da taularatzean, eta herritarrak gonbidatu nahi ditut antzezlana ikustera eta aktoreei babesa ematera joan daitezen". Horrez gain, Azpeitia "herri antzerkizalea" dela eta obra "erakusteko gogoz" daudela jakinarazi du.
Bi estreinaldi, antzerki alternatiboa eta opera
Topaketen baitan bi estreinaldi izango dira. Azaroaren 7an, zapatua, izango da aurrena. Izar Filmsen eta Itzel taldearen Eskutitzak obraren lehen emanaldia ikusi ahal izango da. Itziar Eliasek eta Izaskun Arandiak sortutako obra da, eta Eliasek esan duenez, "Azpeitian eta Azkoitian girotutako lana da". Gainera, obra Azpeitian sortu dutela dio, eta esperientzia "zoragarria" izan dela jakinarazi du. Eskutitzak obrako jantziak Xanti Alkorta azpeitiar diseinatzaileak egin ditu. Bigarren estreinaldia azaroaren 15ean, igandea, izango da. Txalo antzerki taldeak Magia Lapurra taularatuko du. Haur eta gaztetxoei zuzendutako lana da.
Estreinaldiez gain, antzerki alternatiboaren zikloa izango da azaroaren 19an eta 20an, Gaztetxean. Azaroaren 19an, ostegunean, Oh My God! elkarte artistikoaren Zer duzu Amy obra ikusi ahal izango da, eta azaroaren 20an, ostiralean, Lauka teatroaren Amodioaren ziega. Bi emanaldiak 21:30ean izango dira, eta aurretik, 20:00etatik aurrera luntxa eskainiko dute Gaztetxean bertan.
Gainera, berrikuntza gisa, Mozkorra parregarri opera komikoa eskainiko dute Bergarako hainbat lagunek. Xabier Maria Munibe Peñafloridako kondearen inguruko obra da, eta Marije Ugalde operako partaideak azaldu duenez, "gidoia oso-oso ona da du obrak eta izenburuak dioen gisan, barre egiteko lana da".
Antzerki Eskolen Eguna
EHAZEk eta Metrokuadroka taldeak antolatuta, III. Antzerki Eskolen Eguna izango da azaroaren 1ean, igandez. Bertaratzen diren kide guztiek emanaldi berezia eskainiko dute Azpeitiko kaleetan, baina parte hartzeko izena eman behar da aurrez. Izena ematen duten kideek perkusio tresnaren bat, zuriz jantzita eta txapelarekin bertaratu beharko dute 10:30ean, Sanagustin kulturgunera. Izena, berriz, info@ehaze.eus helbidera idatzita eman behar da. Antzerki ikasten edo antzerkia gustatzen zaion orok hartu ahal izango du parte bertan.
Sarrerak
Topaketetarako sarrerak antzezlanen egunetan erosi ahal izango dira Soreasu antzokiko lehiatilan. Obra baino ordubete lehenago zabalduko dute eta helduek bost euro eta 14 urte bitartekoek 3 euro ordaindu beharko dute sarrerako.
XXXIII. Euskal Antzerki Topaketen egitaraua
Urriak 24, zapatua, Antzerkizale Eguna:
12:00etan Oholtzaberri proiektuaren aurkezpena, Soreasu antzokian.
16:30ean Mitologiaz ahaztu al gara? haurrentzako ikuskizuna, Sanagustin kulturgunean.
21:00etan Antzerkizale Gala, Soreasu antzokian.
Urriak 30, ostirala:
21:30ean Lukurreria, lizunkeria eta heriotzaren erretaula emanaldia, Eromen produkzioaken (Zestoako Interpretazio Eskola) eskutik, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako emanaldia izango da.
Urriak 21, zapatua:
21:30ean Ze onda taldearen Itsasoari negar helduentzako emanaldia, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako emanaldia izango da.
Azaroak 1, igandea, III. Antzerki Eskolen Eguna:
10:30ean ekitaldi berezia, EHAZEk eta Metrokoadroka taldeak antolatuta. Sanagustin kulturgunean elkartuko dira.
18:00etan Markeliñe taldearen Kixote antzezlana, Soreasu antzokian. Haur eta helduei zuzendutako emanaldia izango da.
Azaroak 5, osteguna:
21:00etan Zu gabe Atea teatroaren emanaldia, udaletxeko ganbaran.
Azaroak 6, ostirala:
21:30ean Huts Teatroaren eta Artedrama taldearen Etxekoak obra, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako omenaldia izango da.
Azaroak 7, zapatua:
21:30ean Izar Films eta Itzel Antzerkia Eskutitzak emanaldia, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako emanaldia izango da.
Azaroak 8, igandea:
18:00etan Gorakada teatroaren Moby Dick emanaldia, Soreasu antzokian. Haur eta helduei zuzendutako emanaldia izango da.
Azaroak 9, 10, 11 eta 12:
Eskola ikasleei edo gaztetxoei zuzendutako antzerki emanaldiak, Soreasu antzokian.
Azaroak 13, ostirala:
21:30ean Borobil teatroaren Jokoz kanpo lana, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako emanaldia izango da.
Azaroak 14, zapatua:
21:30ean Azpeitiko Emakumeen Tailerraren Punto ta Punto antzezlana, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako emanaldia izango da.
Azaroak 15, igandea:
18:00etan Txalo antzerki taldearen Magia Lapurra obra, Soreasu antzokian. Haur eta helduei zuzendutako emanaldia izango da.
Azaroak 19 eta 20, osteguna eta ostirala, Antzerki ziklo berezia:
Azaroaren 19an, 21:30ean, Oh My God! elkarte artistikoaren Zer duzu Amy! emanaldia izango da, Gaztetxean. Aurretik, 20:00etatik 21:15era jantoki begetarianoa izango da bertan.
Azaroaren 20an, 21:30ean, Lauka teatroaren Amodioaren ziega lana izango da Gaztetxean. Aurretik, 20:00etatik 21:15era jantoki begetarianoa izango da bertan.
Azaroak 21, zapatua:
21:30ean Mozkorra parregarri Xabier Maria Munibe Peñafloridako kondearen opera komikoa, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako obra izango da.