'Oholtzaberri', Azpeitiko eta eskualdeko antzerkigintza hauspotzera datorren plana

Oholtzaberri plana aurkeztu dute gaur, larunbata, urriak 24, Azpeitiko Kultur Mahaia/Sanagustin kulturguneko, EHAZEko, Azpeitiko Udaleko, eta Zestoa eta Azkoitiko antzerki mugimenduko kideek. Antzerkizale Egunaren baitan izan da aurkezpena, Soreasu antzokiaren kanpoaldean.

Oholtzaberri planaren sortzailea Azpeitiko Kultur Mahaia/Sanagustin kulturgunea da, eta  Azpeitiko Udala eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea bultzatzaile nagusiak. Halaber, eskualde mailako ekimen bat izanik​, bidelagun dituzte Zestoa eta Azkoitiko eragileak ere. Honi jarraiki, Aitor Bengoetxea (Azpeitiko Kultur Mahaia/Sanagustin kulturgunea kooperatibako koordinatzailea), Zoila Berastegi (​Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko kidea), Ainara Larrañaga (Azpeitiko Udaleko Zinegotzia), Itziar Elias (Azkoitiko antzerki sortzailea) eta Amaia Odriozola (Zestoako Interpretazio Eskolako kidea) izan dira aurkezpenean.

"Oholtzaberri egitasmoa, Azpeitiko eta eskualdeko antzerkigintzaren jarduna indarberritu eta balioan jartzeko plan integral bat da”, azaldu du Bengoetxeak. "Ez gatoz ezer berria sortzera, eskualdean badude antzerki-eskolak, eragileak, sortzaileak, azpiegiturak... Hau guztia bilduko duen aterkia izango da Oholtzaberri,  mugimendu hori egosiko den lapikoa", gaineratu du.

Helburu nagusia Azpeitia eta inguruak euskarazko antzerkigintzaren gune erreferentzial bihurtzea dela azaldu du, bertako antzerkigintzaren alorra egituratu, hornituz. Kultur jardunaren bitartez Soreasu kulturgunea azpiegitura bizi eta dinamiko bihurtzea ere nahi dela gaineratu du.

Horretarako, "3x3 formula" erabiliko dela aipatu Bengoetxeak, hau da, hiru arlo (sortzaileak, egiturak, ikusentzuleak) eta hiru denboratan (sormen prozesua, taularatzea, post-memoria) kokatuko dituztela lan eremuak. Hori kontuan izanik, Oholtzaberrik honako proiektuak bilduko dituela jakinarazi dute:

Egoitza programa: ​Soreasu Antzokiko azpiegiturak baliatuz antzerki konpainien egonaldiak gauzatzea konpainien sormen ­prozesua garatzeko.

EHAZE­ren egoitza birkokatzea: ​Elkarteari baliabide hobeak eskainiz zor zaion lekuan jarri, dinamika honetan parte hartze aktiboa izan eta balioan jartzeko.

Programazioaren plangintza: ​Eskualdeko antzerki programazioaren eskaintza koordinatu, indartu eta promozionatzea.

Antzerki eskolak indartu: ​antzerkigintzaren etorkizuna bermatuko duten eta ezinbesteko sortzaileen harrobia diren antzerki eskolak indartzea.

Euskal Antzerkigintzaren Dokumentazio Zentruaren lehen hazia: ​Transmisioa, memoria eta etorkizuna lantzeko ezinbesteko tresna litzateken euskal antzerkiaren artxibo baten hastapena.

AntzerkiLab: ​Antzerkia modu dinamikoan, zuzenean eta partehartzailean landuko den gune bizi bat.

Mediazioa: ​eskualdeko herritarrengana antzerkia modu zuzen zein aktiboan iristeko zubiak eraikitzea, ikusentzuleak eragile parte hartzaile moduan landu eta etorkizuneko ikusle berriak sortzeko.

Elkarlana: ​kultur mapan euskarazko antzerkigintzaren erreferentzia gune gisa kokatu eta lurraldeko beste antzerki eragileekin saretzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide