Eskola Kirolak zentzua du, eta orain inoiz baino gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Agirre Aranguren 2015ko urr. 27a, 17:24

Txetxu Urbietak urriko Uztarria aldizkarirako idatzi duen Eskola kirola artikuluari erantzunez idatzi du Gorka Agirre Arangurenek beste hau.

Ezin diot kalterik egotzi kirolari. Kirolaria izan naiz eta ahal dudan bitartean izango naiz. Kirolari esker hainbat eta hainbat balio ikasi eta esperimentatu ditut: lehia eta kooperazioa (biak ala biak ezinbestekoak), osasunaren garrantzia, naturarekiko errespetua... Zorionez, nire kirol konkretu batzuetako konpetentzia ezak beste kirol batzuetan parte hartzera bideratu ninduen. Denok nahi genuen kirol horietan (komunikabide gehienek eta gizarteak berak ikusi besterik ez dago zer bultzatzen duten) balio ez izanak beste gauza batzuk probatzeko ateak zabaldu zizkidan, eta hara! Nire kasuan, gaur egun nire pasioa dena aurkitu nuen.

Gaur egungo Eskola Kirolarekin, ordea, ate horiek zabaldu nahi dira, ez ezinbestean baizik eta askatasun osoz, eta frustrazioak ekiditen saiatuz. Haurrek kirolak probatzea, kirolaz gozatzea eta kirol horien gutxieneko esentzia lortzea nahi dela esango nuke. Gaztetxoek erabaki dezatela zer duten gustuko eta zer ez, zertan duten abilezia eta zertan ez. Agian kirol batengatik dituen pasioa eta eskemak guztiz aldatu ditzake beste kirol bat probatzeak. Gakoa probatzean datza eta Eskola Kiroleko koordinatzaile, arduradun eta kirol taldeak ere horretan dihardutela uste dut.

Heziketa Fisikoa ezin dela kirolean soilik oinarritu erakutsi didate. Beraz, Heziketa Fisikoa ('soinketa' deiturikoa) eta kirola terminoak berdindu nahian, ez dut uste bide onetik goazenik. Heziketa Fisikoan jolasa, ludikotasuna eta osasuna landu behar dira, joko, jolas eta kirol egokituen bidez, baina ez kiroletan oinarrituz. Gozamena bilatu behar da, eta hezkuntzaren helburuari erreparatuz etorkizuneko hiritar aktibo eta kritikoak eratu nahi dira, baita gorputz/arimaz hitz eginda ere. Kirolean, ordea, errendimendua bilatzen da, eta kirol taldeek errendimendu horri zukua atera behar diote. Eskola Kirolari dagokionez, errendimendua bilatzen duten kirol horien hastapena dela garbi izan behar dugu.

Erakunde bakoitzak bere funtzioa du eta batak besteari funtzioak esleitzea ezin da onartu. Horien artean kolaborazioa egotea, ordea, ezin da alboratu. Hezkuntza komunitatearen parte dira bai Eskola Kirola eta baita kirol elkarteak ere, eta hori baliatu nahi dute ekimen horretako arduradunek.

Kirol taldeek jakinduria bat jaso dute, esperientzia propiotik abiatuta edota formazio bidez, eta kirol horretako 'adituak' dira. Udalak, koordinazio lanean, egutegi bat antolatzen du eta egutegi horretan zer egin dezaken aztertzen du kirol erakundeekin elkarlanean. Beraz, ez pentsa kirol elkarteek jartzen diotenik Eskola Kirolari funtzioa; izan ere, Eskola Kirolaren izaeran egokituko diren proiektuak aurkeztu behar baitira arduradunen aurrean, beraien programan sartzeko eta onartuak izateko.

Elkarlan horretan oinarrituta, bailarako Eskola Kirolaren egoerari buelta bat emanez, balio batzuk erantsiz eta beste batzuei pisua kenduz (hala nola, bizi genuen lehiakortasun bortitzari), 'hezkuntzalizatzen' ari direla esango nuke. Horregatik, Txetxu, duda izpirik gabe Eskola Kirolak zentzua du, eta orain inoiz baino gehiago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide