Garbi utzi nahi nuke batzuk ez zaizkidala asko gustatu. Zirrara berezirik ez didate sortu Ramses II, Akitaniako Leonor, Cleopatra, Napoleon edo Feliperen bizitzek.
Beste batzuk ikaragarri gustatu zaizkit: Aristoteles, Leonardo Da Vinci, Miguel Angel, Beethoven, Voltaire, Charles Darwin, Karl Marx, Hitler, Gandhi, Mandela... Bakoitzak bere gustuak ditu eta aukera dezala gogoekoena.
Dena den, bakarra aukeratzekotan, ez nuke zalantza handirik egingo: Marie Curie. Ez da erraza emakume bikain honen bizitza hitz gutxitan azaltzea, baina saiatuko naiz. Varsovian jaio zen Marie Curie 1867an. Oso gaztetatik fisika, matematika eta kimika gaiekiko zaletasun eta doai bereziak erakutsi zituen. Pobreziaz eta nahigabez beteriko haurtzaro eta gaztaro gogorra igaro ondoren, 1891n, Parisera joan zen ikasketetan gehiago sakontzeko gogoz. Sorbonako unibertsitate ospetsuan ikasi zuen lehen emakumea izateaz gain, Curie institutuak fundatu zituen Parisen eta Varsovian. Bere gogoak eta jakinminak bultzatuta, orduak eta orduak ematen zituen lanean ikerketa arloan, jateko eta atseden hartzeko tarterik gabe.
Erradioaktibitatearen arloan egin zituen ikerketak ezin dira hemen azaldu. Gaur egun, hain garrantzitsuak diren elementu kimikoak izendatzen lehenengoa izan zen; Radioa eta Polonioa, kasu. Bere senar Pierre Curie ere aipatu behar da, elkarrekin egiten baitzuten lan gehienetan. Nobel saria lortu zuen lehen emakumea izan zen; 1903an Fisika arloan eta 1910ean Nobel Kimika arloan.
1934an hil zen Parisen, urteetan jasandako ikerketa erradiaktiboek egindako kalteen ondorioz. Guztiz gomendagarria da liburua, oro har. Pertsonaia horien bizitza erakusteaz gain, bizitzea suertatu zitzaien garaiaren eta gizartearen ispilua ere nabaritzen da. Bakoitzak aukeratuko du gero bere pertsonaia gogokoena.
(Urriko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da hau).