Liburuaren idazleak azaldu duenez, bi pertsonaiaren arteko bost eguneko elkarrizketa du oinarri kontakizunak: bata, Miguel de Landibar ezezaguna, Frantzisko Xabierkoaren morroi izana, agramondarra, independentziaren aldekoa. Bestea, berriz, Loiolako Iñigo ospetsua, gaztelar militarra botere espainiarraren aldekoa. Erromako Santa Maria della Strada elizaren ondoko etxe batean elkartzen dira bi protagonistak, adinez nagusiak jadanik. Beren bizitza kontatzen digute elkarrizketen bidez, datu historiko errealetan oinarrituta beti ere.
Erdi Aroaren bukaeran eta Errenazimenduaren hasieran kokatzen da narrazioa. "Gutxi ezagutzen den aroa da, Amerika deskubritu zuten garaia, inperio eta konkisten aldia, tartean, Nafarroako konkistarena", azaldu du Rekaldek. Diskurtso ofizialak Nafarroaren anexioari buruz hitz egiten duela, baina benetako gerra eta konkista izan zela gaineratu du, eta hau sozializatzeko helburuz eginiko liburua dela. Horretarako, nobela historikoaren formula erabili dute: "Tradizio handiko generoa da, eta bi dimentsio ditu: lehenengoa, historia goraipatzen, mitifikatzen eta idealizatzen duena; bigarrena, berriz, iraganaren berrikuspen kritikoa egiten duena. Interesgarriagoa da dimentsio hau, eta hemen kokatzen da liburua".
Duela bi urteko Durangoko Azokan sortu zen Iñigo de Loiola, tribulaciones entre Navarra y Roma liburua idazteko ideia. Sanchez Aranazek azaldu duenez, jendeak zerbait "arinagoa" eskatzen zuen Nabarralderen postuan. Ordurako, datuak biltzen hasia zen bera, eta nobelako pertsonaia nagusia den Landibarren figura ezezagunarekin egin zuen topo. Pixkanaka, eta liburua idatzi ahala, bere biografia osatu du. Lan atsegina izan dela, eta liburua idazten disfrutatu egin duela gehitu du Sanchez Aranazek.
Informazio gehiago:
Turbulencias entre Navarra y Roma, Angel Rekaldek liburuari buruz idatzitako artikulua.
Arrosa Sareko Zebrabidea irratsioan Angel Rekalderi liburuari buruz egindako elkarrizketa.